Gripearen kontrako txertoa jartzeko kanpaina 65 urtetik gorakoentzat eta gaixo kronikoentzat

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 26a, 02:00

Lehen bi egunetan 300 txertotik gora eman dituzte Hernaniko anbulatorioan. Interesatuek deitu edo zuzenean bertatik pasa.

Osakidetzak indarrean jarri du gripearen kontrako txertoa jartzeko kanpaina, hasi joan den astelehenean eta urriaren 31era arte. Kanpaina 65 urtetik gorakoei eta gaixo kronikoei dago zuzendua eta Hernanin, lehen bi egunetan 300 txertotik gora jarri dituzte, Anbulatorioko arduradunek Kronikari esan diotenez. Urtero 2.000 txerto inguru jarri ohi dituzte gripearen kontra eta aurten kopuruak gora egin lezake, lehen bi egunetako eskaera ikusita. Interesatuek Anbulatoriora deitu lezakete ordua hartzeko (943 00 66 66) edo bertatik pasa litezke zuzenean.

Arrisku taldean, helduak eta gaixo kronikoak

Osakidetzak berak gripea edonork hartu lezakeela nabarmentzen du, baina badirela pertsona talde batzuk gripeak konplikazioak sortu ditzakeenak. Pertsona talde horiei zuzendua dago txertoa jartzeko kanpaina: 65 urtetik gorakoak, diabetikoak eta gaixo kronikoak (biriketakoak, bihotzekoak, gibelekoak eta giltzurrunekoak).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!