Futbitoa eta aldarrikapena gaur Zubipen, III. Amnistiaren aldeko txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 30a, 02:00

Hogeitamar bat taldek eman dute izena, eta 300 lagundik gora espero dituzte bazkari herrikoian. 09:00etan hasiko dira partiduak.

gaur jokatuko da amnistiaren aldeko III. futbito txapelketa Zubipen. Goizeko 09:00etatik aurrera, hirurehun lagunetik gora, hogeitamar bat taldetan banatuta, izango dira Zubipen galtza motzak edo txandala jantzita, baloiari ostikoak jotzeko irrikaz. Iazko talde kopurua gainditu da eta horregatik pozik daude antolatzaileak: ´gure helburua 32 talde apuntatzea zen, lau taldeko zortzi ligaxka antolatzeko, eta ez gara urruti ibiliko`. Atzo goizean egindako hitzak ziren horiek eta oraindik ere espero zuten deiren bat jasotzea. Izena emandako taldeen erdia baino gehiago Hernanikoak dira, eta herritik kanpo ere jende asko animatu da txapelketan parte hartzera; ez bakarrik inguruko herrietatik: ´Ondarroako eta Santurtziko taldeak apuntatu dira, eta uste dugu Ipar Euskal Herriko batenbat ere badagoela` adierazi zuten antolatzaileek.

Sagardotegian otordua talde irabazlearentzat

Irabazleek talde guztiarentzako sagardotegi batean otordua izango dute sari. Hori arratsaldean jakingo da, eta goizean taldeek arratsalderako fasera pasatzeko ahaleginak egingo dituzte, Zubipeko zelai haundian nahiz atzekaldekoan. Goizean goiz araudia banatuko diote antolatzaileek talde bakoitzari, eta partiduak hasiko dira gero, 10 minutukoak. Taldeek zazpi jokalarikoak behar dute (sei eta atezaina).

Bazkaria 380 lagunentzat

Futbito partiduekin batera, bazkari herrikoia ere izango da gaur Zubipen. Hirurehun lagundik gora izatea espero da Zubipen bazkaltzen, parte hartuko duten jokalariak kontuan hartuta, eta, jokatzera ez, baina otordua egitera joango diren lagun eta herritarrak ahaztu gabe. Gaur goizean ere izango da aukera bazkaltzeko txartela erosteko, 10 euroren truke. Antolatzaileek 380 lagunentzako prestatuko dute jana, eta bi txandatan serbituko dute, lanak arintze aldera. Bazkaria prestatzeko 30 herritar eta elkarteen laguntza izango dute. Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiete antolakuntzatik laguntzaileei, beren inplikazioagatik.

Taberna goizetik irekita

Kronikak patata egiten harrapatu zituen atzo antolatzaileak, gaurko patata tortilak egiteko lana aurreratzen. Izan ere, Zubipeko taberna ireki egingo dute gaur goizean, partiduak hastearekin batera, eta barran ez dira faltako tortila pintxoak.

Dispertsioak eragindako kostuei aurre egiteko

Txapelketan bildutako dirua dispertsioak eragindako kostuei aurre egiteko erabiliko da, urtero bezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!