Sagastiyan babes ofizialeko etxeak egiteko egitasmoak soka luzea du, baina aurrera bidean da, plan partzialari hasierako onarpena eman baitzion Hirigintza Batzordeak, atzo. Orain Gobernu Batzarrak onartu beharko du. Sagastiyan, babes ofizialeko 300 bat etxebizitza ditu egitekoak Eusko Jaurlaritzak, baina kontu bat edo bestegatik urtetan atzeratu da egitasmoa. Marian Beitialarrangoitia Alkateak Kronikari esan dionez, nahi lukete 2009an Sagastiyako lanak egiten aritzea, eta badirudi Eusko Jaurlaritzak ere interesa duela tramitazioak ahalik eta azkarren egiteko.
Tramitazioa
Plan partzialari behin behineko onarpena emango dio orain Gobernu Batzarrak, gaia Hirigintza Batzordean eztabaidatu ondoren, eta jarraian eman beharko dio behin betiko onarpena. Horren ondoren egingo da urbanizazio proiektua. Gobernu Taldeak azpimarratu du, lehenbailehen heldu nahi izan diotela Sagastiyako egitasmoari, babes ofizialeko etxeak egiteko beren helburuan garrantzitsua baita proiektu hau ´beste zenbait egitasmo bezalaxe`.
Zenbait gai aurrerago eztabaidatzeko
Asteazkeneko Hirigintza Batzordean Sagastiyakoaz gain, gai asko ziren eztabaidarako, horietako batzuk zenbait proiektu berraztertzeko eskaerak, Gobernu Taldeak egindakoak. Zenbait gai hurrengo Hirigintza Batzordean eztabaidatzea erabaki zuten, besteak beste Santa Barbarako Plan Berezia, Apeaderoko igogailua eta Lokalak etxebizitza bihurtzeko egitasmoa.
Berdintasun teknikaria Ongintzan
Irantzu Jauregi Berdintasun Teknikariaren bulegoa Udaletxetik Ongintzako egoitzara aldatu dute eta horren berri eman du Alkateak, herritarrek nora jo jakin dezaten. ´Toki aldaketa honekin, ez da ezertan aldatzen berdintasuna, kooperazioa eta etorkinen inguruko politika. Izan ere gure ustez zer egin asko dugun esparrua da, baina bere lanaren parte batek lotura zuzena duenez bertan aritzen diren gizarte laguntzaileekin, lotura naturalagoa deritzogu bertan izateari, organikoki udalaren baitan jarraituko duen arren eta hortaz behar duen ikuspegi globala, transbersalitatea kendu gabe`, azpimarratu du prentsa oharrean. Horrez gain, Langai-rekin harremanetan jartzeko telefonoz nahiz bertara joanda, goizeko 11:30etatik 14:30etara da ordutegia, betiko lekuan, Udal Euskaltegiko bulegoa dagoen lekuan.