Uxue Alberdi bertsolari elgoibartarra izan zen atzo Biteriko saioan nagusi, eta horrenbestez, Urriaren 21ean Irungo saioan kantatuko du, final laurdenetan. Alberdik saio ´majistrala` egin zuen eta Unai Agirre eta Joxe Luis Urdangarin hernaniarrek, bigarren eta hirugarren, ezin izan zuten bere parera iritsi. Alberdik 289,5 puntu lortu zituen; Agirrek 275; eta Urdangarinek 273,5. Puntuazio hauen arabera, litekeena da bai bata eta bai bestea final laurdenetan izatea, baina hori jakiteko beste sailkatze saioen zain geratzen dira.
Maila haundiko saioa
Maila haundiko saioa izan zen atzokoa, eta ziur Biteri bete zuten bertsozaleak pozik atera zirela. Barre algara eta txalo dezente egin zuten, behintzat. Uxue Alberdi irabazleak erraz egin zuen bertsotan eta bertso guztiei karga jarri zion, esan zuenagatik eta esateko moduagatik. Kartzelako proban pixka bat jaitsi zen arren, saio erregularra egin zuen oso. Hernaniarretaz ere harro egoteko moduan zen atzo zalegoa. Unai Agirrek oso saio ona egin zuen (batez ere kartzelan), eta jendartean bazegoen irabazle ematen zionik ere. Joxe Luis Urdangarinek ere saio aparta egin zuen eta, zortziko txikian, batez ere, ikuslegoaren barreak eragin zituen, lantokiko kotxea gora eta behera. Arnaitz Lasarte gazteari, berriz, urduritasun puntua nabaritu zitzaion, baina aldi berean, jendea barrez jarri zuenetako bat izan zen. Lasarteri somatzen zaio gaia eta atzo oso gauza dotoreak egin zituen.
Zerain laugarren Zaldibian
Aritz Zerain ereñotzuarra laugarren postuan geratu zen Zaldibian eta sorpresarik ezean, txapelketatik kanpo geratuko da. Zerainek 253,5 puntu bildu zituen, Iñigo Izagirre irabazlearen 283,5 puntuetatik oso urruti. Bigarren Joxe Munduate izan zen (260, hirugarren Haritz Casabal (256,5), bosgarren Unai Guijarro (250), eta seigarren eta azkena Igor Iriondo (249,5).
Sailkapena
1. Uxue Alberdi 289,5 p.
2. Unai Agirre 275 p.
3. J. Luis Urdangarin 273,5 p.
4. Manex Mujika 257,5 p.
5. Arnaitz Lasarte 226 p.
6. Gorka Etxeberria 220,5 p.
Agin Rezolak ere aurrera Orion
Agin Rezola Hernaniko eskolako bertsolari astigartarra final laurdenetarako sailkatu zen larunbatean, Orioko saioa irabazita. Rezolak 272 punturekin irabazi zuen eta bigarren Hernaniko bertso eskolako beste kide bat izan zen: Beñat Gaztelumendi añorgarra, 266 punturekin. Beste kide bat, Iker Alustiza, azken postuan geratu zen, 239,5 punturekin. Kontuan hartzekoa da Xabier Sukia Legazpin 266,5 punturekin sailkatu zela, eta Gaztelumendiren 266 puntuak ere balio dezakete final laurdenetara pasatzeko. Agin Rezolak, Kronikari egindako adierazpenetan, ´nerbioso` hasi zela zioen, baina irabazi zuela bere buruari ´disfrutatzera` joan zela gogorarazten ziolako: ´Puntuei erantzuten aritu naiz ondoen, eta umoreko gaiei txispa ematen saiatu naiz` adierazi zuen bertsolari gazteak. Azkoitian izango du hurrengo saioa (urriak 20), eta han Jexux Mari Irazurekin topatuko da, besteak beste.