Haurrak nagusi atzo Karabelen

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 23a, 02:00

Bizikleta karrera, eltxetxo puskatzea eta marrazki eta idatzi lehiaketa izan ziren, besteak beste, atzo Karabel auzoan, Belkara auzo elkarteak antolatutako festan.

Karabel auzoan festa polita izan zuten atzo arratsaldean, gaztetxoenek eta haien aitzakian inguratutako helduek ere. Urteroko ohitura eutsiz, aurten ere Belkara auzo elkarteak umeentzako jolasak prestatu ditu eta arratsaldeko 16:00ak ingurutik aurrera auzoko nagusi bihurtu ziren gaztetxoak. Motorrak bizikleta probarekin berotu zituzten, auzoari lau buelta zeinek azkarrago eman, eta zorua bustia bazegoen ere, zituztenetan ibili ziren parte hartzaile guztiak; sprint dotore batekin bukatu zen proba, gainera. Ondorenean zaku-karrera izan zen, eta eurek gozatu ederra hartzeaz gain, festa polita jarri zuten ikusten zeuden guztientzat.

Goxokiak eta kamixetak denentzat

Hasiera hasieratik banatutako kamixetak jantzita, gustora ekin zioten hortik aurrera. Begiak itxita, sokan zintzilik jarritako eltxetxoek hartu zituzten makilkada ederrak, eta goxoki eta txanponak izan ziren parte hartutako haur gehienentzat. Iladan jarrita pazientziaz itxaron zuten denek ere beren txanda, eta batzuk laguntza pixka batekin eta beste batzuk ´oztoporen bat` gaindituta, baina denentzako iritsi zen esperotako saria. Aulki jokoan zituzten azken indarrak gastatu zituzten, eta indar berritzeko txokolatada ederra izan zuten ondorenean.

Marrazki eta idatzi lehiaketak

Urtero bezala, marrazki eta idatzi lehiaketak ere izan ziren Karabelen atzo. Donostiako Santo Tomas Lizeoko irakasleak aritu ziren epaile lanetan. Marrazki lehiaketan Ander Ortegaren marrazkia izan zen onena. Idatzian bi sari izan ziren, bat euskerazko idatzi onenari eta bestea gaztelaniazko onerari. Euskarazkoan Mikel Rosell izan zen onena eta erderazkoan Daniel Granado.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!