Kilometroak’82 25 urte

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 23a, 02:00

Urria bertan da eta horrek esan nahi du laster ospatuko dela beste urte batez Kilometroak, ikastolen festa haundia, aurten Bergaran. Duela mende laurden bat Hernaniko Langile ikastolak izan zuen horrelako ekitaldi bat antolatzeko aukera. Ikastola ez ezik, herri osoa inplikatu zen Kilometroak 82’rekin; udazkena udaberri bihurtu zuen ospakizun arrakastatsua izan zen hura.

GAZTE askok ez zuten ezagutu ere egin, beste batzuk txikiegiak ziren eta ez dira akordatzen, 25 urte denbora asko baita. Baina akordatzen ez badira ere, jakin beharko lukete 1982an zenbat lan egin zuten haien guraso eta irakasleek, euskarazko eskola baten alde, Kilometroen alde.

Euskal eskola publikoa

Gipuzkoako ikastolen federazioak Langile Ikastolari jakinarazi zionean Kilometroak’82 antolatzeko aukera izango zuela, ikastolako irakasle eta gurasoak segituan hasi ziren lanean. Helburu jakin bat zegoen, herriko ikastolaren aldeko dirua biltzea, eta filosofia zehatz bat ere bai, euskal eskola publikoa aldarrikatzea. Eskola publikoaren auzia mamitzen hasi zen garai hartako ikastola gehienetan eta Hernani ez zen salbuespen izan. Hain zuzen, gai horrekin loturik hainbat eztabaida izan ziren herriko ikastola eta sektore ezberdinen artean, baina zorionez eztabaida horiek ez zuten jaialdiaren alde lan egiteko gogoa lausotu.

Hilabetetako lana

Horrelako ekitaldi haundia ospatzeak lan asko dakar berarekin eta hori guztia koordinatzeko hainbat batzorde sortu zituzten Arrasate’81eko esperientziatik abiatuta: Zirkuitoa, Ekipamenduak, Tabernak, Kultura, Zerbitzuak... bakoitza bere arduradunarekin. Ispizua kaleko lokal batean jarri zen operazio zentroa. Dirua bildu eta jaialdia girotzeko ekimenak hilabete batzuk lehenago hasi ziren: publizitatea egin, kartelak jarri, kamisetak saldu... Horretaz gain, hamabostaldi kulturala antolatu zuten kultura batzordeko arduradunek. Gay Murren hainbat hitzaldi izan ziren, Irazusta Zineman audiobisualak eta kontzertuak, San Joan Parrokian Donostiako Orfeoiaren emanaldia eta Young Play-en Itoiz taldea.

Txikienen lanak egun handian

Urriaren 3a iritsi zen, egun handia. Eguraldiak ez zuen aparteko arazorik jarri eta milaka lagun inguratu ziren zazpi elkargunez loturiko ibilbidea egitera, horien artean kultur munduko pertsonaiak (Txillardegi, Villasante...), edo liga irabazi berritan zeuden Realeko hainbat jokalari, besteak beste. Ikastolako haurrek urte osoan egindakoa erakusteko aukera izan zuten, eta ekitaldiak aldarrikapenekin uztartu ziren (Euskal Telebista baten aldekoa, adibidez). Erosotasunagatik-edo, jendeak Landare errugbi zelaietara jo zuen batez ere eta jendetza izugarria bildu zen bertan. Ordura arteko Kilometroak-ik arrakastatsuena izan zela diote hemerotekek. Bildutako dirua Udalaren esku utzi zuten antolatzaileek, honek, ikastola berri batentzako lurrak erosiko zituen diru horrekin. Gaurko ikastolak, atzoko lanaren fruitu dira eta biharkoak gaurkoaren sari. Horretaz akordatzen ez denak Kilometroak’82ren adibidea ikusi besterik ez du.

Jone Errazkin, Txemi Apaolaza, Josetxo Erdocia, Ixiar Egiguren:

«Kilometroak berezia izan zen, irabazitako dirua ez zelako ikastolaren esku geratu»

Kilometroak nola izan zen jakiteko elkartu ditugu garai haietan antolaketa lanetan aritu ziren lau lagun. Hogeitabost urte ez dira alperrik pasa, eta kosta zaio memoriaren makinari lanean hastea. Hala ere, behin martxan jarrita, bata bestearen atzetik etorri zaizkie egun hartako irudiak, pasadizoak eta oroitzapenak.

-Behin jakin eta gero 1982ko kilometroak zuen eskuetan zegoela, nola hasi zineten lanean?

 Txemi Apaolaza: Momentu hartan pentsatu genuen ezin zela ikastolaren esparruan geratu eta herriko jendeak parte hartu ahal izateko batzorde ireki bat antolatu genuen. Adibidez, ibilbidea egiteko Peña Otañokoengana jo genuen...

Josetxo Erdocia: Bai, Aierra eta Azkue zeuden hor buru, horiek antolatu zuten...

-Beraz, herriko jende gehiagok parte hartu zuen, soziedadeek ere bai.

J. Erdocia: Soziedade bakoitza taberna baten kargu egin zen. Ni gogoratzen naiz Landareko tabernaz, Ulma enpresari eskatu genion eta oso handia zen...

 T. Apaolaza: Bai, baina koadrilen bitartez azkenean jende guztiak hartu zuen parte. Jendea azkenean inplikatu egiten da...

Jone Errazkin: Ez naiz gogoratzen zenbat batzorde ziren. Baina batzorde bakoitzak arduradun bat zuen eta jendea bildu behar genuen eginkizunak aurrera ateratzeko. Nik buruan daukat nola ibili ginen Irunen barrena megafoniarekin ´Kilometroak 82!` garrasika... propaganda egiten.

Eta ikastolako haurrak? Horiek ere parte hartu al zuten?

Ixiar Egiguren: Guneak apaintzen adibidez. Eta beste gauza bat egin genuena izan zen mapamundi haundi bat. Bertan adreilu fabrikaren adibidea jarri genuen, adreiluak egiteko harea nondik ekarri behar zen... oso esperientzia polita izan zen hura.

Garai haietan nola izaten ziren Kilometroak? Patrozinadoreak ere izaten ziren...

T. Apaolaza: Hasieran desafio bezala pentsatu zen, enpresa bat zegoen norbait patrozinatzen zuena, hainbeste buelta, hainbeste diru. Ni gogoratzen naiz Irundik etorri zela Toro deitzen zioten korrikalari bat, tiobibo batek baino buelta gehiago eman zituena!

J. Errazkin: Gu sarreran jarri ginen, Laubidieta inguruan, autobusak etortzen zirenean harrera egiteko, pentsatzen genuen personalidadeak etorriko zirela baina...

T. Apaolaza: Hemen etorri zen bakarra Aita Villasante izan zen!

Eta irabazitako diruarekin zer egin zenuten?

I. Egiguren: Horretan berezia izan zen. Gu eskola publikoaren alde ginen eta diru hori Udalari eman genion, eraikin berria egiteko terrenoa berak erosi zezan. Hasieran gurasoak harritu egin ziren, baina gure planteamendua zein zen azaldu genienean ulertu zuten, uste dut koherente izan ginela gure ideiekin.

Beste galdera bat, logoa zeinek egin zuen? Eta zer da?

I. Egiguren: Hori Satur Idarretak diseinatu zuen.

T. Apaolaza: Txori bat da, txori bat hegan, hori esaten zuten...

J. Erdocia: Pegatinak eta kamisetak saltzen genituen eta gogoratzen naiz festa pasa eta gero ere kamiseta asko saldu zirela logo horrekin.

Horrelako festetan eguraldia garrantzitsua izaten da, egun hartan nola portatu zen?

J. Erdocia: Goizeko 05:00etan hasi ginen lanean, aurreko egunean euriak eta haizeak kartel guztiak izorratu zituelako!

I. Egiguren: Ni gogoratzen naiz Elkano kaleko espaloian zinela Josetxo, eta goizean euri tanta batzuk hasi zirenean: ´Aber eguna izorratuko zaigun!` esan zenuela.

T. Apaolaza: Moja klarisek urte guztiko postreak egiteko arrautzak jaso zituzten...

Baina arrautzak eman zenituzten?

I. Egiguren: Noski, 13 arrautzatako dozenak! Hori da tradizioa.

T. Apaolaza: Eguna bukatu orduko hasi zuen euriak berriz ere...

I. Egiguren: Baina kuriosoa da nola ahazten diren gauzak eh...

Kilometroak’82 datutan:

Partaidetza: 50.000-70.000 lagun inguru.

Estatistika arduradunek 7.300 kotxe eta 40 autobus zenbatu zituzten.

Lanean aritu zen jende kopurua: 2.500 boluntario inguru.

Ibilbidea: 6,875 km (Karabel-Landare-Oblatos-Sagastialde-Leku Eder-Iturmendi-Antziola-Villak-Atsegindegi-Txantxilla-Tellerigain-Portu-Karabel).

Zirkuitoak 8 sarrera-irteera zituen eta 4 kontrol gune.

Ibilbide guztia hesitzeko 16 km plastiko-zinta behar izan zuten.

Tabernak: Bi taberna Landare errugbi zelaietan (horietako batek 50 metroko barra luzea zuen), eta taberna bana Etxeberriko frontoian, Atsegindegin, Txantxillan Portun, Karabelen eta Antziolan.

Jan-edandako batzuk: 6.960 garagardo 4.632 Laranja Kas; 3.216 Coca-cola; 2.650 botila sagardo; 2.664 botila ardo beltz; 7.824 arrautza (tortillarako); 1.770 oilasko; 4.500 ogi barra; 1.785 puru; 1.400 chupa-chus; 1.250 yoghourt...

Ekipamendua eta garbiketa: 27 telefono, elkar-gune eta antolatzaileen egoitzetan. 10 komun ibilbide osoan zehar. Garbiketetan 100 pertsona aritu ziren lanean; plastikozko 700 poltsa handi jarri ziren, 80 bidoi, 40 zakarrontzi eta 8 kontainer.

Osasun zerbitzuak eta gertakariak: Zazpi anbulantzi (DYA), eta 70 pertsona osasun zerbitzuetan (sokorristak, sendagileak, kamileroak...). 46 pertsona atenditu ziren.

Irabazitako dirua: 11 milioi pezeta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!