Sei bertsolari puntu onaren bila Biterin

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 23a, 02:00

Gipuzkoako txapelketako lehen kanporaketa jokatuko da gaur 17:00etan Biterin. Sei bertsolari izango dira kantuan, tartean Unai Agirre, Joxe Luis Urdangarin eta Arnaitz Lasarte hernaniarrak.

Bertso jaialdia izango da gaur aspaldiko partez Hernanin, eta ez nolanahikoa, gainera. Gipuzkoako txapelketako kanporaketa bat jokatuko da, eta sei bertsolaritik hiru hernaniarrak izango dira. Biteri kultur etxean da hitzordua, 17:00etan, baina 16:00ak aldera joatea komeni da, orduan hasiko baitira saiorako txartelak saltzen. Biterik dituen 172 eserlekuak segituan bete ohi dira ekitaldi garrantzitsuak direnean, eta gaur bertsozale asko bilduko direla dirudi bertan; ikusmina badago behintzat. Hernaniko saioan sei bertsolari izango dira: Unai Agirre, Joxe Luis Urdangarin, Arnaitz Lasarte, Uxue Alberdi, Gorka Etxeberria eta Manex Mujika. Gaurko bertsolari onena final laurdenetara pasako da eta urriaren 21ean izango du datorren kantaldia Irunen (bigarrena ere pasa liteke, beste saioen arabera). Hori erabakiko dutenak Zigor Leunda, J.K. Labaka eta Iñigo Legorburu epaileak izango dira. Saioa aurkezten eta gai jartzen Saroi Jauregi izango da.

Aritz Zerain Zaldibian

Aritz Zerain ereñotzuarrak Zaldibiko herri antzokian kantatuko du gaur, 17:00etan, baita ere. Hernaniko bertso eskolako kidea final laurdenetako plaza bat lortzen saiatuko da Iñigo Izagirre, Haritz Casabal, Joxe Munduate, Unai Guijarro eta Zigor Iriondorekin batera. Sailkatuko balitz, Irunen kantatuko luke berak ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!