Hernaniko pelotariak hasi dira dagoeneko Gipuzkoako txapelketan eta gaur kiroldegian bost partidu ikusi ahal izango dira, kadete, jubenil eta nagusi mailan. Goizean, 11:00etan hasita, kadeteetako bi: Artola-Lopez/Arrasate, eta Zapiain-Lizeaga/Azkoiti jokatuko dira eta jubeniletan, Arrieta-Esnaola/Aurrera Saiaz. Arratsaldean, 16:30etatik aurrera, jubeniletako eta nagusietako partidu bana jokatuko dute; jubeniletan, Garmendia-Salaberria/Urnieta, eta nagusietan, Esnal-Gorrotxategi/Aretxabaleta. Ioritz San Sebastianek, bestalde, Zazpiturriko ordezkariaren kontra jokatuko du eskuz banaka, Amezketan 16:00etan.
Ligaxka formatuan hiru hilabetez
Gipuzkoako txapelketa ligaxka formatuan jokatuko dute hiru hilabetez, azaro-abendura arte. Bitarte horretan, multzo bakoitzeko taldeak elkarren kontra jokatzen ariko dira astebururo, eta multzo bakoitzeko bi onenak (bai banaka eta bai binaka) final laurdenetara pasako dira, 2008ko hasieran jarraitzeko. Orain arte kadete, jubenil eta nagusi mailako txapelketak hasi dira. Infantilak laister hasiko dira eta pala motzeko modalitatean datorren astean izango dira estreinako partiduak.
Nagusietan hiru bikote eta bakarka bat bakarrik
CD Hernanik zortzi bikote jarri ditu oraingoz eskuzko Gipuzkoako txapelketan, eta infantiletan ziuraski aterako dituen hiru gehiagorekin, hamaika izango lirateke. Eskuz banaka, berriz, nagusietan bakarrik jokatuko dute, eta Ioritz San Sebastian edo Iñaki Esnal izango da Hernani ordezkatuko duena, klubetik adierazi dutenaren arabera. Nagusietan hiru bikote atera dituzte, iaz baino bat gehiago. Nagusietan hiru kategoria daude, eta Hernanik hirugarren mailan izango ditu bi bikote, eta bigarren mailan bestea. ´Zaila izango den arren`, nagusietako bikote bat lehen mailara igotzen saiatuko dira aurten ere, eta hirugarren mailako bat bigarrenera igotzea ere ondo legokeela adierazi du Rufino Rekalde delegatuak. Josu Oiaga pelotariaren esanetan, ´txapelketa luzea da eta ez da erraza izaten hainbeste denboran dena ondo joatea`. Bikoteak osatzeko hiru pelotariko hiru talde osatzen dira eta talde bakoitzeko pelotariekin osatu behar dute bikotea, beti batek atsedena hartzen duela. Bigarren mailan jokatzen duenak ezin du ondoren hirugarren mailako partiduetan aritu.
Jubenil eta kadeteetan txapelen bila Jubenil eta kadeteetan, berriz, oso bestelakoa da antolamendua. Hiru maila daude baita ere, baina klubak edozein mailatan apuntatu ditzake bikoteak. Jubeniletan, lehen eta bigarren mailan atera dute talde bana, eta kadeteetan, lehen, bigarren, eta hirugarren mailan bana. Jubeniletan, lehen mailako taldean Arrieta, Bilbao, Otaegi eta Esnaolak jokatuko dute eta klubak txapela lortzeko borrokan egon daitezkeela esan du. Kadeteetan ere txapelak lortu daitezkeela uste dute, Zapiain, Aizpitarte eta Lizeagaren artean.