Gorengoa etxeko lehen garaipenaren bila aterako da gaur Zubipen, Trintxerperen aurka

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 22a, 02:00

Hirugarren jardunaldiko partidua gaur izango da Zubipen, 16:30etan. Partidu borrokatua espero da, eta joan den asteko esperientzia eta gero, puntu gosez aterako da gaur hamaikako txuriberdea zelaira.

Gorengo mailako taldeak Zubipen jokatuko du gaur, hirugarren jardunaldian, eta bigarren aukera izango dute jarraian etxeko lehen garaipena lortzeko. Trintxerpe hartuko dute Zubipen, 16:30etatik aurrera, eta txapelketako aurreneko jardunaldietan hain garrantzitsuak diren puntuak biltzen jarraitzea dute helburu txuriberdeek. Joan den astean bi utzi zituzten Zumaiako igo berriaren kontra eta gaur hori errepika ez dadin saiatuko dira hernaniarrak.

Lehenengo gola sartzea izan daiteke gakoa

Gorengoak baja batzuk ditu gaurko partidurako, baina hori ez da aitzakia lehen minututik partiduaren bila ez ateratzeko. Klubetik adierazi dute gakoa lehenengo gola sartzea izan daitekeela, gero partidua irekiko litzatekeelako. Zalantzarik gabe, horrek mesede egingo lioke txuriberdeen jokoari. Gaur Hernanik sendotasunaren bidea hartu eta bide horretatik jo behar du txapelketa osoan, sailkapen on bat lortzeko. Trintxerpe ez da arratsaldea pasatzera etorriko, ordea, eta liga hasiera onari jarraipena eman nahiko dio. Talde pasaitarrak ondo hasi du txapelketa, eta bi garaipenekin hirugarren jarri da sailkapenean. Hernani 5garren dago, 4 punturekin.

Kadeteen bi taldeak ere Zubipen gaur

Gorengo mailako taldea ez da gaur Zubipen jokatuko duen bakarra izango. Bi talde kadeteek ere Karabel auzoko zelaian jokatuko dute, goizean biek. Kadete txikiek goiz jaiki beharko dute gaurkoan, 09:30etan tokatu baitzaie jokatzea, Errenteriako Touring-en kontra. Partidu hau bukatzean, Ohorezko mailako kadeteak Real Union hartuko du, 11:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!