Larogei buru, bertsoa helburu ere izan zitekeen gaurko titularra, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren radiografia errimatua. Edo Larogei buru, inor ez dago seguru; sorpresak gutxi izaten diren arren, aldez aurretik guztia izaten baita zalantza, eta aurrekoan baino pauso bat gorago joateko esperantza. Plazak jarriko du bakoitza bere tokian, hasi gaur Orion eta Legazpin, eta abenduaren 16an Illunbeko finalera arte. Hogeita bat saio daude aurretik, lau fasetan banatuta. Hernanin lehen faseko saio bat entzuteko aukera izango da, bihar bertan, arratsaldeko 17:00etan, Biteri kultur etxean.
Bertso Eskolako 12 kide
Urteroko moduan, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolari ugarik hartuko du parte aurtengo txapelketan ere. Lehen fasean Agin Rezola, Iker Alustiza, Beñat Gaztelumendi, Aritz Zerain, Joxe Luis Urdangarin, Unai Agirre, Arnaitz Lasarte, Iker Osa, Iñaki Zelaia, Unai Gaztelumendi eta Ibon Miner izango dira Hernaniko Bertso Eskolako partaideak eta final laurdenetan sartuko dira Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze. Hernaniarretan bajarik nabarmenena Gipuzkoako azken txapeldunarena izango da, Maialen Lujanbiorena, aurten ez baitu parte hartuko.
Lau fase, enbutua estutzeko
Lehen fasean Gipuzkoa guztiko 72 bertsolarik kantatuko dute 12 herri desberdinetan. Saio bakoitzean lehenengo gelditzen denak egingo du aurrera eta gainerakoen artean hamaika gehiago ere pasako dira final-laurdenetara, puntuazioz. Beraz, 72 horietatik 23 bertsolarik egingo dute aurrera eta final-laurdenetan zain izango dituzte azken Gipuzkoako Txapelketako finalistak, Aitor Mendiluze, Jexux Mari Irazu, Jon Maia, Jon Martin, Amaia Agirre, Ekaitz Goikoetxea eta Iñaki Gurrutxaga. Final-laurdenetan 30etik 18k egingo dute aurrera eta finalean 8 bertsolarirentzako izango da tokia. Enbutua pixkanaka estutzen joango da beraz.
Saioak gaur eta bihar
Gaur bi saio izango dira, bat Orion eta bestea Legazpin. Hernaniko bertso Eskolako Agin Rezola astigartarrak, Beñat Gaztelumendi añorgarrak eta Iker Alustiza donostiarrak kantatuko dute gaur Orion. Bihar, berriz, lau hernaniar ariko dira: Aritz Zerainek Zaldibian ari beharko du eta Joxe Luis Urdangarin, Unai Agirre eta Arnaitz Lasartek Biteri kultur etxean. Datu anekdotiko gisa aipagarria da Arnaitz Lasarte izango dela txapelketako bertsolaririk gazteena, 17 urte izan arren, aurten 18 beteko dituenez, txapelketan ateratzeko aukera izan baitu ereñotzuarrak.
Txartelak ordubete aurretik
Hernaniko saioan Urdangarin, Agirre eta Lasarterekin batean beste hiru bertsolari ariko dira: Uxue Alberdi elgoibartarra, Manex Mujika donostiarra eta Gorka Etxeberria oreretarra. Saioa, arratsaldeko 17:00etan hasiko da, baina sarrerak saltzen ordubete aurretik hasiko dira, 16:00etan.