Irailaren 21a Alzheimerraren munduko eguna da, eta egun hori dela eta, AFAGIk (Gipuzkoan Alzheimerdun gaixoez arduratzen den taldeak) hitzaldiak antolatzen ditu urtero. Astelehenean Sandiusterriko aretoan izan ziren Ana Orbegozo eta Borja Inza adituak, gaitz horri buruzko azalpenak ematen, ´Alzheimerdun gaixoa etxean` izenburua zuen hitzaldian.
Dementzia mota guztietan zabalduena
Ana Orbegozo erizainak gaixotasuna modu zabalean azaldu zuen, eta Alzheimerrari buruz egiten ari den tesi doktoralean bildutako zenbait datu eman zituen. Bere esanetan, 65 eta 69 urte artean %1-2k du dementzia motaren bat, eta 90 urtetik gorakoetan %30eraino igotzen da portzentaia. Ez dira denak Alzheimerdunak, baina Alzheimer-a da dementzia mota guztien artean zabalduena. Orbegozok Alzheimer-a zer den, nola antzeman daitekeen, nola eragiten duen, ze zaintza behar dituen eta abar azaldu zuen. Zainketari dagokionez, zenbait aholku eman zituen eta gogoratu zuen zaintzaileen lana ez dela batere erraza: ´%90ek laguntza psikologikoa behar izaten du` esan zuen. Hala ere, nabarmendu zuen senitartekoak direla zaintzaile zuzenenak eta orokorrean, gaixoaren bizitza erraztu behar dela adierazi zuen.
´Zaindu zaitez zaintzeko`
Borja Inza terapeuta okupazionalak Alzheimerraren eraginak arintzeko etxean hartu daitezkeen neurriak aipatu zituen, adibideak jarrita. Nabarmendu zuen, gaixotasuna sendatu ezin den arren, aurrea hartzen saiatu behar dela, bere eraginak arintzeko: ´Horretarako, gaixoaren burmuina, gorputza eta izpiritua aktibo mantendu behar dira, ahal den heinean ardurak emanez gaixoari, batez ere lehen etapan`. Inzak ezinbesteko jo zuen eguneko zentruen laguntzaz baliatzea ere, ´senitartekoek ere atsedena behar dutelako`. Horren harira, AFAGI elkartean erabiltzen duten esaera bat gogoratu zuen: ´Zaindu zaitez zaintzeko`.
‘Sendian’ programa Ongintza Patronatutik
Hitzaldiaren aurretik, jakinarazi zuten Ongintza Patronatutik prestakuntza ikastaroak antolatuko dituztela, Alzheimerdun gaixoen senitartekoei zuzenduta, Sendian egitasmoaren barruan. Urrian hastekoak dira ikastaroak eta Ongintzak abisua zabalduko duela esan zuten. Langile espezializatuek emango dituzte ikastaroak eta Diputazioak lagunduko ditu.