EAk Udal zaborren gestioari buruzko informazioa eskatu du Udal Zerbitzu Publikoetako Batzordean

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 20a, 02:00

San Markos mankomunitateko zuzendaritza aldaketaren ondotik eskatu dute informazioa, sistema berri baten bideragarritasunaren inguruan zalantzak dituztelako.

Hernaniko EAk hiri zaborra kudeatzeko sistemaren inguruko informazioa eskatuko du Zerbitzu Publikoetako Batzordean, Kronikara bidalitako prentsa ohar batean azpimarratu duenez. Azken hauteskundeen ondorioz, aldatu egin da San Markos mankomunitateko zuzendaritza eta publiko egin dute zaborrak kudeatzeko sistema berri baten alde egingo dutela. Hernaniko EAk zalantzak ditu sistema berriaren bideragarritasunaren inguruan, eta batez ere, materia organikoa atez ate biltzearen inguruko informazioa eskatu du. Argitu beharreko gaien inguruan lau puntu nabarmendu ditu, prentsa oharrean:

  • Noiz jarriko litzatekeen martxan. 
  • Etxeko bilketaren ordutegia eta maiztasuna.
  • Sistema berriaren kostea. ñ Erabiltzaileek ordaintzen duten tasetan izan dezakeen eragina.

EAko ordezkariak ez dira Presoen Batzordean egongo
Atzoko Kronikan Udal batzorde informatzaileetako kideak zeintzuk izango diren izendatu genuen eta Presoen Batzordeak EAko arduradun Iñaki Arratibel izango zela jarri genuen. Informazio hori ez zegoen zuzen, EAk ez baitu ordezkaririk izango Presoen Batzordean. Arratibelek berak Kronikari adierazi dionez, Giza Eskubideen Batzordean parte hartzea erabaki dute eta Presoen Batzordean ez dira izango. EAk eta oposizioko gainerako alderdiek lehen ere adierazi zuten egokiagoa ikusten zutela presoen eskubideen gaiak Giza Eskubideen Batzordean aztertzea, eta hori dela-eta, hartu dute erabakia. Asteleheneko plenoan erabakitako puntua izan zen Giza Eskubideen Batzordea sortzea, oposizioko alderdi guztien aldeko botoekin eta gobernu taldeko kideen abstentzioarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!