Torturen aurkako testua onartu du Bozeramaile Batzordeak

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 1a, 01:00

Bozeramaile Batzordea bildu zen astelehenean Udaletxean eta torturak salatzen dituen testua onartu zuen, EAJ, EA eta EB-Aralarren aldeko botuekin. PPk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten eta EAE-ANV abstenitu egin zen. Testuak gaur egungo egoeraren irakurketa orokor bat egiten du eta bertan esaten da Euskadiren egoera politikoak ´geldialdia` bizi duela. ´Bake prozesua hautsi egin da, ETAren atentatu mehatxua egia da berriro ere. Lehendakaria, Atutxa, Knörr, Bilbao eta beste zenbait politikari auziperatuak dira, gure gizartearen zati baten ordezkaritza politikoa legez kanpo dago eta ordezkaritza horren lider ugari espetxeratuak. Epaitegietan prozesu ugari dituzte irekita. Kale borroka indarrean` nabarmentzen du onartutako testuak. Eskubide zapalketak Testuak dio eskubide urraketek ´torturek, legez kanporatzeak, eta adierazpen eskubideari erasoek, pertsona nahiz ondasunen aurkako biolentziazko jardunek` ez diotela laguntzen gure herriak behar duen soluzio bidea bilatzeari. Adostasun politikoa bilatzera zuzendutako ekimenak oinarri izan behar ditu etorkizunak, testuak nabarmentzen duenez, ´gatazka politikoari irtenbidea ematea helburu, herriari demokratikoki berezkoa zaion erabakitze eskubide horren errespetuzko jokabideen bidetik`. Zuzenbide estatu demokratiko batekin baterazienak dira torturak azpimarratu dutenez, ´tortura susmorik txikiena ere argitu behar dela uste dugu; argitu eta salatu, giza eskubideen zapalketa handiak baitira`. Horrez gain dio, Estatuan tortura ez dela eten ´urtez urte Amnistia Internazionalak salatzen duen bezala`. Sei puntu nagusi biltzen ditu onartutako testuak. Puntuz puntu 1. Estatuko Gobernuari Lege Antiterrorista eta atxilotuen isolatzea bertan behera uzteko eskatzen diogu. 2. Azken egunotan, Estatuko Segurtasun indarrek atxilotuta, salatu berri dituzten tortura jardunen aurrean, Udal honek bere kezka du azaltzen eta gertatua lehenbailehen -eta eraginkorki- argi dadin eskatzen, hartu beharreko erantzunkizun guztiei aurre eginda. 3. Tortura nahiz tratu txarren aurka, bat egin nahi dugu berriro ere; pertsona ororen giza eskubide guztien defentsarako konpromisoarekin bat egiten, eta ezein biolentzia eta estortsio jarrerei uko egiten. 4. Isolamendu egoerari bide ematen dion arautegi berezia indargabetzea eskatzen dugu, atxilotuei prozedurazko bermeak baitizkie gutxiesten. 5. ETA-ri agintzen diogu, torturatzeari eta gure herrian sufrimendua zabaltzeari utz diezaiola, eta bat-batean, extorsio, mehatsuak eta armak utz ditzala. Modu honetan askatasunean bizi eta defendatu ditzakegu gure ideia politikoak. 6. Tortura saihesteko, nazioarteko erakunde zenbaitzuek -batik bat ONUtik kontalari bereziak- esandakoak praktikara ekarri ditzan eskatzen diogu espainiar gobernuari.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!