Eziago poligonoaren sarbidean dagoen ‘T’ itxurako bidegurutzea aldatzea onartu du Diputazioko Bide Azpiegituretako departamenduak, eta bere ordez rotonda bat egingo dute. Zikuñaga auzotik Ereñotzura dijoan bidean (GI-3410) 1,180 km.-an, bihurgune itxiaren aurretik, jarriko dute rotonda eta inguru hori obretan izango da datozen hilabetetan. Bertan, kanpotik 42 metroko diametroa eta barrutik 34 metrokoa duen rotonda egingo dute, prentsa oharrean adierazitakoaren arabera. Lanak ´aurki` hasiko direla jakinarazi dute, eta hauek bukatzeko bost hilabeteko epea jarri dute. Proiektuaren aurrekontua 876.245,32 eurokoa da.
Poligonoari sarbide ´egoki, bateratu eta antolatua`
Rotonda berriaren helburua da oraingo Zikuñagako sarbidea hobetzea eta, batez ere, Eziagoko barrualdeari sarbide egoki, bateratu eta antolatua ematea, Diputazioaren arabera. Gaur egun, errepide zati horretan rasante aldaketa bat dago eta inguruan industria garapenez gain, etxe multzo batzuk ere badaude.
Autobus geltokiak, zebrabideak, zabalguneak...
Rotonda berria, erabilgarri dagoen espazioari egokitzeko moduan proiektatu da, beti ere Diputazioaren oharraren arabera, eta paisaia inguruari egokitzeko landaketak egingo dituzte. Rotondaren inguruan autobus geltokiak antolatuko dituzte, dagozkien zabalgune eta zebrabideekin, eta lau isleta bide-banatzaile jarriko dituzte, hiru koskekin, eta bat margotuta.