«Ondo pasatzeaz gain, gaixoei laguntzeko balioko du ostiraleko emanaldiak»

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 18a, 02:00

Ostiralean izango da emanaldia, 18:00etan kiroldegiko frontoian, eta atzo egin zuten aurkezpena udaletxean. 900 sarrera saldu dira dagoeneko eta hartu ez dutenei lehenbailehen erosteko deia egin diete (Leten eta kiroldegiko kafetegian).

Pirritx eta Porrotx pailazoek esklerosi anitza jasaten duten gaixoen aldeko emanaldia eskainiko dute ostiralean Hernanin. Kiroldegiko frontoian izango da, arratsaldeko 18:00etan (ateak zabalik 17:00etatik), eta sarrerak eskuragai daude Lete liburudendan eta kiroldegiko kafetegian, 6 euroan. Salmenta martxa onean dijoa (900 bat saldu dira) eta sarrerak ´lehenbailehen` hartzeko deia egin dute. Emanaldia Hernaniko udalak antolatu du, eta irabaziak Gipuzkoako esklerosi anitzaren inguruan lan egiten duen ADEMGI elkartearentzat izango dira. Atzo udaleko eta elkarteko ordezkariak bildu ziren udaletxeko areto nagusian emanaldia aurkezteko eta bertan izan ziren Marian Beitialarrangoitia Alkatea, Izaskun Ezeiza Ongintza Patronatuko lehendakaria, Maria Luisa Ustarrotz ADEMGIko lehendakaria eta Porrotx pailazoa.

Birgaitze zerbitzua finantziatzeko

Ostiraleko emanaldian ateratako dirua Donostian duen birgaitze edo erreabilitazio zentroan inbertituko du ADEMGIk. Zentroa maiatzean ireki zuten eta gaixotasun neurologikoak tratatzeko lehen zentroa da Gipuzkoan. Maria Luisa Ustarrotz elkarteko lehendakariak eskerrak eman zizkion Hernaniko udalari ahalegin hau egiteagatik eta gogoratu zuen ez dela Hernanin antzeko ekimenak egiten dituzten lehen aldia. Esaterako, Inmaculada ikastetxean hezitzaileak prestatzeko egindako ikastaroak ekarri zituen gogora.

´Gauza txikiak pausu haundiak lortzeko`

Marian Beitialarrangoitia Alkateak esan zuen ´gustora` hartu dutela emanaldia antolatzeko lana eta adierazi zuen ´ADEMGIk eguneroko lanean, eta Pirritx eta Porrotxek ostiralean` egingo duten lana laguntzeko daudela, Porrotxekin bat eginda: ´guk gauza txiki bat egin dugu, baina beharrezkoa pausu haundiak lortzeko`. Porrotxek adierazi zuen ´pozgarria` dela lan hau egitea: ´denok daukagu gaixoren bat gure inguruan eta beraiei laguntzeko balioko du ostiraleko emanaldiak, ondo pasatzeaz gain, noski`. Porrotx pozik azaldu zen baita ere ´Euskal Herrian eta baita ere Hernanin herritarrak oso biziak direlako eta ekimen asko antolatzen direlako arlo guztietan`.

Hernanin 60 kasu

ADEMGIk emandako datuen arabera, Hernanin esklerosi anitzaren 60 kasu inguru ezagutzen dira. Gipuzkoan 600 inguru dira; Euskadin 2.000, estatu espainiarrean 40.000 eta Europa osoan 400.000. Gipuzkoako esklerosi anitzaren elkarteko lehendakariak esan zuenez, 100.000 biztanletik 65ek jasaten dute gaixotasun hau, eta konparatze aldera, esan zuen biztanle kopuru berdinetik 51 direla itsuak, eta 14k dutela Down sindromea. Datu horiekin adierazi nahi izan zuen esklerosi anitza uste baino zabalduagoa dagoela gure gizartean. Esklerosi anitza gaixotasun kronikoa eta progresiboa da, baina tratamenduak arintzen laguntzen duela frogatuta dago. Gaixotasun neurologikoetatik sarriena da eta trafiko istripuen ondoren, bigarren ezintasun kausa da gazteengan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!