Plenoa izango da bihar Udaletxean, arratsaldeko 19:00etan. Puntu asko dira eztabaidarako, horietariko asko berri emateak eta izendatzeak. Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapenaren berri emango du Gobernu Taldeak: Marian Beitialarrangoitiak, Jose Ignacio Arrietak, Idurre Lukasek, Usoa Barrutiabengoak eta Unai Erroizeneak osatuko dute. Bestalde, informazio batzordeetan alderdietako zein kidek hartuko duten parte jakingo da gaurko plenoan. Behin batzorde bakoitzeko zinegotzien zerrenda guztia izanda, asteartean bertan osatuko dira batzordeak. Horrez gain, Udala parte den erakundeetako ordezkaritzak ere eztabaidatuko dira: Hernani industrialdea eta Añarbeko Mankomunitatea kasu. Bestalde, Alkatetzak Udal Musika Eskolako zuzendari berriaren izendapenaren berri ere emango du. Maribel Insausti da zuzendari berria.
Giza Eskubideen Batzordea
Biharko plenoko zazpigarren puntuan, Giza Eskubideen Batzordea sortzeko proposamena eztabaidatuko dute. Eusko Alkartasuna alderdiak egin zuen proposamena joan den Plenoan eta Alkateak hurrengo plenoan eztabaidatzeko konpromisoa hartu zuen. Aurreko plenoan, PSE-EE, EA, EAJ eta EB-Aralarreko kideek nabarmendu zuten Presoen Batzordea sortzea baino egokiagoa ikusten zutela Giza Eskubideen Batzordea sortzea, eta bertan presoez gain, biktimak eta bizkartzaina eraman behar duten pertsonen egoera ere aztertzea.