Garagardo Azoka inauguratu dute Errugbi Elkarteko ‘zaharrenek’

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 14a, 02:00

Usadioari segiz, hiru kolpe emanda ireki zuten kupela atzo kluba fundatu zuten hiru kideek. Azoka igande iluntzera arte egongo da.

Atzo inauguratu zuten garagardo azoka, Errugbi elkartea sortu zuten hiru kideek: Juan Carlos Crespok, Joakin Goikoetxeak eta Tomas Molinak. Ohiturari segiz, egurrezko mazarekin hiru kolpe eman zizkioten kupelari eta ireki ondorenean egin zuten txotx, garagardo azoka ofizialki irekitzeko. Rafa Larretxeak aurkeztu zituen hiru kideak eta hitza hartu zutenean Juan Carlos Crespok errugbian nola hasi ziren gogoratu zuen: ´hemen -Atsegindegin- hasi ginen errugbian jokatzen pañuelito joku moduan, eta Biteriko dutxak uzten ez zizkigutenez, Karreroko erriora joaten ginen freskatzera`. Ordutik urte ugari pasa dira eta errugbiak indar izugarria hartu du Hernanin, eta baita poliki-poliki garagardo azokak ere.

Gaur, bihar eta etzi

Gaur arratsaldeko 19:30etatik aurrera egongo da irekita garagardo azoka eta bihar eta etzi eguerdian ere bai. Hamaika garagardo desberdin eta garagardotegiko menu tipikoa izango dira aukeran, eta Atsegindegin, 800 bat lagunentzako tokia. Horrez gain, munduko errugbi txapelketako partiduak ere ikusi ahal izango dira pantaila erraldoian: gaur, Hego Afrika-Ingalaterra, iluntzeko 21:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!