«Lan motza egitera ohituta gaude gu, baina bihar diesel lana egin beharko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 14a, 02:00

Ainhoa Ansa segalaria izango da bihar parte hartuko duenetako bat, Ixabel Ansa izebarekin batean. Guztira 18 segalari ariko dira neska eta mutil bikoteak osatuta.

Hemezortzi segalari ariko dira bihar Santa Barbaran arratsaldeko 17:30etan, bederatzi emakumezko eta bederatzi gizonezko, bikoteka eta lau lan desberdinetan. Ainhoa eta Ixabel Ansa aranoarrak bertan izango dira, hurrenez hurren, Garikoitz Etxeberria eta Joxe Gabirondorekin bikotea osatuta. Ainhoa Ansak Kronikari adierazi dionez, lan motzetan daude berak ohituta, nazioarte mailan jokatzen duten moduan, baina biharkoa lan luzeagoa izango dute ´eta ikusiko da nola aguantatzen dugun`. Lanak berriz, lau izango dituzte: segarako abilezia neurtzekoa, koadro bateko belarra bikoteak txanda librean ebaki beharrekoa; ilara bat hartu eta maila bakarrean txanda nork lehenago moztu; eta hainbeste kilora zein lehenago hurbildu. Lan berri horietan entrenatzen aritu dira eta abilezia erakutsiko dute Arkaizpe baserriko zelaietan, Santa Barbaran eskalada pareta saihetsetik dijoan bidez azpikaldera.

Bi helduenak elkarrekin

Lehen aldiz jokatuko dute bikoteek elkarrekin eta alde haundia egon liteke bikote batetik bestera. Ixabel Ansa Hernanin bizi den aranoarra da emakumezkoetan urterik gehien duena eta gizonezkoetan zaharrena izango du bikote, Joxe Gabirondo. Kontu horrekin nahiko adar jotze ibili dute, baina Ainhoak dioenez gerra haundia emango duen bikotea da ´erresistentzia haundikoa`.

Austriatik bueltan

Ainhoa Ansa Europako txapelketetan izan berri da Austrian, Euskal Herriko selekzioarekin, eta aukera aprobetxatu dugu balorazioa eskatzeko: ´egindako lana ona izan dela uste dugu, baina emaitza txarra. Sega egokiak ez dauzkagu hango lan mota egiteko eta horretan ikasi behar dugu`. Gaur gertuxeago ariko dira, lanetan eta sega jaialdiaren ondoren afaria izango da Elutxetan. Txartelak salgai daude Zumitzan, 25 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!