Karbonerako sei lagun deklaratzera deituko dituzte gaur

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 13a, 02:00

Iazko uztailaren 17an lotan zeudela identifikatutako sei lagunak deklaratuko dute. Karbonerako Batzarrak egoera salatu du.

Karbonerako Batzarrak jakitera eman duenez, iazko uztailaren 17an Karbonera etxean lotan zeuden sei lagunek deklaratu beharko dute gaur, ´Udaltzaingoak Karboneran lo egiten ari ziren sei lagun identifikatu zituen etxeko leiho batetik sartu ondoren eta aginduaren kopiarik ere utzi gabe`. Identifikazio haietan oinarrituta deklaratu beharko dute gaur sei lagun horiek, gaur goizean Donostiako epaitegian.

Bilera informatiboa

Gaur, bilera informatiboa izango da Karboneran, arratsaldeko 19:00etan, eta Karbonerako Batzarretik jendeari dei egin diote elkartasuna azaltzera gaurko bilera informatibora azaltzeko. Ondorenean, La estrategia del Caracol filma ikusteko aukera izango da. Aste guztian zehar Alaitzek egindako argazki erakusketa ere izango da, 19:00etatik 21:00etara. Argazkietan Karbonera nola zegoen eta gaur egun nola dagoen ikusi liteke.

«Karboneratik salatu nahi dugu orduko udal arduradun politiko eta polizialen jokabidea»

Karbonerako kideek egoera guztia eta sei lagun horiek gaur deklaratu beharra salatu dute Kronikara bidalitako prentsa oharrean: ´Karboneratik salatu nahi dugu orduko udal arduradun politiko eta polizialen jokabidea eta bere ondorio judiziala. Deklaratu behar duten lagunen ‘delitu’ bakarra hutsik zegoen etxe batean lo egitea izan baita. Eta gure ustez lo egitea eta etxe huts bat bizitzeko erabiltzea ez da delitu egitea. Gainera, Karboneran gauza asko egin ditugu azken urte eta erdi honetan. Etxea bizitzeko moduan jartzeaz gain beheko solairuan 40 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu ditugu`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!