Gaur arratsaldeko 19:30etan inauguratuko dute IV. Garagardo Azoka eta igandera arte izango da bertan garagardo desberdinak hartu eta garagardotegiko menua dastatzeko aukera. Errugbi elkartea 1965ean fundatu zuten kideek emango diote hasiera: Juan Karlos Crespok, Joakin Goikoetxeak eta Tomas Molinak.
Atsegindegin
Lehen bi edizioak Tilosetan izan ziren, baina iazkoa Atsegindegin egin zuen Errugbi elkarteak eta aurrerantzean ere bertan egingo dute. Inguratzen denak hamaika garagardo mota izango ditu eta urtez urte haunditzen ari den menua: kodiloa, saltxitxak, baserriko oilaskoa, lakon-a, gulak eta patatak alioliarekin. Postrea nahi duenak ere izango du, gazta edo teja eta kanutiloak.
Errugbi partidua eta haurrentzako jolasak
Garagardo Azokaren bueltan, errugbiaz gozatzeko aukera ere izango da. Larunbatean, errugbi partidua dute Hernaniko jokalariek euren artean, arratsaldeko 17:00etan Landaren. Partidua arbitro eta guzti jokatuko dute, eta jokalariek aukera izango dute arbitro honi arauei buruzko dudak galdetzeko. Baina, partiduaz gain, haurrentzako jolasak ere izango dira, Atsegindegin bertan, Garagardo azokaren barruan. Larunbatean, goizeko 10:30etan izango da eta 8-14 urte arteko neska-mutil guztiei dei egin diete bertara azaltzeko, errugbian hasteko jolasetan ondo pasatzera.
Mundiala pantailan
Errugbiko munduko txapelketa jokatzen ari dira Frantzian eta partiduak ikusteko aukera izango da Garagardo Azokan jarri duten pantaila erraldoiean. Bihar, Frantziak eta Argentinak jokatuko dute, 21:00etan. Partidu guztien berri elkarteko web orrian dago: www.hernanirugby.com.
Sei jokalari selekzioarekin
Hernaniko jokalari guztiek ez dute izango lau egunetan Garagardo Azoka gozatzeko aukerarik. Sei hernaniar hauek Euskal Herriko selekzioarekin jokatuko dute Larunbatean Valentzian, Autonomia arteko txapelketako partidua: Javier Secok, Asier Insaustik, Aritz Mitxelenak, David Pelazek, Manex Casadok eta Igor Etxeberriak.