Noiz eta nola sortu zen Tolarea kofradia?
Orain dela 13 urte sortu zen, Berriak elkartearen eskutik. Garai hartan giro nahasia izaten zen Hernanin. Manifestazioak, istiluak... Eta denon artean ondo pasatzeko festa bat antolatzea erabaki zuten Berriak-ekoek. Halaxe sortu zen kofradia. Baina beno, Berriak-ekoez gain, sagardozaleek ere parte hartzen dute, eta festa beraiekin batera ospatzen dugu.
Zein da zuen helburua?
Batez ere, ondo pasatzea eta sagardoaren inguruan festa giro aparta sortzea. Hernani sagardo herria izan da beti. Sagardotegi asko izan dira eta orain ere badaude. Eta noski, sagardozale asko ere bagara! Gure lema ere horixe da, sagardoaz gozatzea. Horrelako ohiturak ez dira galdu behar, gustatu egiten zaizkigu gainera. Sagardogileei lagundu egin behar zaie jendea inguratuz.
Sagarra eta Sagardo egunaz gain, antolatzen duzue beste ekitaldirik? Elkartzen zarete beste kofradia batzuekin?
Ekitaldirik garrantzitsuena Sagarra eta Sagardoaren eguna izaten da, baina egiten ditugu gehiago. Martxoko 3garren igandean beste kofradia batzuetako kideekin elkartuta festa bat antolatzen dugu urtero, eta ohorezko kofradiakideak izendatzen ditugu. Hernanin kofradia bakarra egon arren, Euskal Herrian asko daude, batez ere Iparraldean, eta izugarri gustatzen zaie sagardoa! Asko galdetzen dute gugatik, eta oso festa politak antolatzen ditugu elkarrekin. Landetan adibidez, Panturon arkumearen kofradia dago. Jantzi ederrak erabiltzen dituzte, arkume larruz eginikoak. Oso festa polita antolatzen dute, eta gauez ospatzen dugu.
Jantziak aipatu dituzula, zuek ere jantzi berezi batzuk erabiltzen dituzue. Zertan oinarritu zarete jantzi horiek egiteko? Edo nola lortu dituzue?
XIV. mendekoak dira guk erabiltzen ditugunak. Kofradia guztiek izaten dute beren jantzi berezia. Gero eta gehiago ikusten dira. Tolarea bere arropak erabiltzen hasi zenean, artean ez nengoen elkartean. Berriak-ekoak mugitu ziren. Han eta hemen bila hasi eta Nafarroan aurkitutako XIV. mendeko trajeetan oinarritu ziren gureak egiteko.
Euskal Herrian horrenbeste kofradia izanda, erraz moldatzen al zarete guztiak elkartzeko eta zuen arteko ekintzak antolatzeko?
Diputazioaren bidez egutegi bat jartzen dugu. FECOGA, Gipuzkoako Kofradien Elkartean 32 kofradia gaude eta bakoitzaren kapituluak urte hasieran zehazten ditugu. Guk urteak daramatzagu martxoaren eta irailaren 3garren igandean gure kapituluak antolatzen. Adibidez, Iparraldeko Corsarios Vascos amuarrain kofradiak hurrengo hilean ospatuko du berea. Guztia finkatuta dago jada. Hala ere, azken urteetan irailean egiten dugun festa honekin batera Errugbi taldeak antolatutako Garagardo Festa eta Wukroren aldeko bazkari solidarioa ere izaten dira. Partitu egin beharra dago bai, baina guri kalte egiten digu. Jendea ostegunetik parrandan eta dirua xahutzen hasten da eta hori nabaritzen dugu. Lehengo urtean adibidez, urtero bezala 1200 edalontzi inguru saldu genituela esan nion Kronikari. Baina gero ohartu nintzen ezetz, 800era ere larri iristen ginela! Errugbi taldearekin elkartu eta egutegia antolatu beharko dugu.
Aspaldi ez dugu Villa Mariako proiektuaz ezer askorik entzun. Zertan da gauza?
Egia esan aspaldi ez dakit horren berri. Tolare Kofradian aspaldi hasi ginen museo bat egiteko ideiarekin. Baina Astigarragak aurrea hartu zuen. Astigarragan sagardogile gehiago dira eta indar handia dute. Museo polita baina txikia da, lokalagoa. Hernanin Gipuzkoa mailako museo bat egin nahi dugu. Baina laguntza gutxi daukagu... Ikusiko dugu zer gertatzen den! Alkate berria daukagu eta oraindik ez dugu gaiaz hitz egin.
Hasieran esan duzu kofradiaren helburua sagardogileei laguntzea dela. Baina horrelako festek ez al diete on baino, kalte gehiago egiten?
Herritar asko kexatzen dira jende gehiegi etortzen delako... Festak jendea erakartzen badu, sagardozaleek ez dute errurik. Herria txerri eginda geratzen da. Hori zeinen kulpa da? Sagardogileena ez. Tabernak ere beranduegi ixten dituzte. Ados jarri behar lukete guztiek lehenago eta ordu berean ixteko. Baina azken batean gurasoena da errua! Txikitatik erakutsi behar zaie horren berandu arte ibili gabe ere ondo pasatzerik badagoela. Nik ere badauzkat alabak eta badakit zer den etxeratzeko ordua dela eta borrokan aritzea!
Baina beno, azken batean festa batez ari gara eta guztioi gustatzen zaigu ondo pasatzea...
Ba bai. Herritar guztiontzako festa bat antolatzen dugu, denok ongi pasa dezagun. Txotx inaugurazioan ere egoten gara eta badakigu sagardoa ederra dagoela eta jendeak erraz edaten duela. Beraz, etor zaitezte denok eta gozatu sagardoaz!