Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia izango da iralaren 21ean, Hernaniko kiroldegiko pelotalekuan, arratsaldeko 18:00etan. Hernaniko Udalak antolatu du emanaldia, eta sarreren salmentarekin lortutako irabaziak Gipuzkoako Esklerosi Anitza Elkartearentzako izango dira, hain zuzen ere ADEMGIk Gipuzkoan dituen 300 bazkideei eskaintzen zaien errekuperazio zerbitzua finantziatzeko (Esklerosi anitza eta beste gaixotasun neurologikoen lehen errekuperazio zentroa maiatzean ireki zen, Gipuzkoan).
Sarrerak salgai
Sarrerak salgai daude gaurtik aurrera Lete liburu dendan eta Kiroldegiko tabernan, 6 euroan. Berez, kiroldegiko pelotalekuan jende asko kabitzen da, baina Pirritx eta Porrotx pailazoen arrakasta ikusita, baliteke betetzea. Beraz, interesatuek lehenbailehen sarrerak hartzea izango dute aukerarik onena.
Zer da esklerosi anitza?
Pirritx eta Porrotxen emanaldi honek esklerosi anitzaren inguruan jendea kontzientziatzeko helburua ere badu. ADEMGIk emandako datuen arabera, 2.000 lagunek dute Euskal Herrian esklerosi anitza eta Europan 400.000 pertsona inguru dira gaitz hau dutenak. Gaixotasun neurologikoetan zabalduena da, orokorrean 18-35 urte artean diagnostikatzen den hau, eta emakumeek jasaten dute gehien. Gaixotasun kronikoa da eta arazo sentsitiboak, oreka galera, hizketarako zailtasuna, dardarak, ahulezia, kasu larrienetan paralisia eta beste hainbat sintoma sortu litzazke.