Datorren igandean izango da Sagar eta Sagardo Eguna Gudarien Plazan, Tolarea kofradiak antolatuta eta urteroko moduan, Hernaniko sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera izango du inguratzen denak. Tolareak 1.200 edalontzi prest ditu eta horrez gain txorixo, gazta eta hirugihar pintxoak ere izango dira aukeran. Sagardogileak goizeko 11:30etan hasiko dira sagardoa serbitzen eta festa eguerdiko 14:00ak aldera bukatuko da.
Erakusketa eta erakustaldiak
Sagar eta Sagardo Egunean falta ezin denez, sagar erakusketa izango da aurten ere. Manu Iradik eta Mari Karmen Urangak jarriko dute erakusketa eta Foru Aldundiak bidalitako sagarrak ere jarriko dituzte. Horrez gain, kixkiarekin sagarra nola bildu erakustaldia izango da eta Barkaiztegi sagardotegikoek sagardoa garai batean bezala zanpatuko dute, eskuzko tolare zahar batean eta muztioa probatzeko aukera ere izango da.
Festa jendetsua
Sagar eta Sagardo Eguna jendetsua izan ohi da normalean, eta aurten ere jende asko inguratzea espero dute Tolareako kideek. Garagardo Azoka eta Wukrorekiko elkartasun bazkaria ere egun berean dira, baina elkarren osagarri izan litezke guztiak.
Trikitilari txapelketa
Aurten ere, Sagar eta Sagardo egunarekin batean, Trikitilari Gazteen Txapelketak girotuko du plaza, KriskitiƱa dantza taldearen eskutik. Eguerdiko 12:00etatik aurrera sei bikote gazte entzuteko aukera izango da, horietatik hiru Hernanikoak.