Gazte txokoan gaur inauguratuko dute ikasturte berria, merienda batekin

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 11a, 02:00

17:00etan jarri dute hitzordua eta egoitza prestatu ondoren izango da otordua. Aste honetan sukaldaritza tailerra, gazte zinema eta Santa Klarara irteera egingo dituzte.

Hernaniko gazte txokoak gaur irekiko ditu berriz ateak, San Joan jaiez geroztik itxita izan eta gero. Ikasturte berria inauguratzeko merienda bat antolatu dute eta gaur 17:00etan, Aristizabal kaleko 5garren zenbakian dagoen egoitzan bilduko dira. Lehenengo eta behin, mahaiak eta abar prestatuko dituzte elkarlanean eta 17:30ak aldera hasiko dira jaten.

Etzi sukaldaritza tailerra eta larunbatean Santa Klara uhartera
Gaur hasi eta hilabete osorako ekintzak prestatu ditu Urburu aisialdi taldeak gazteentzat. Aste honetako ekintza nagusiak sukaldaritza tailerra eta Santa Klara uhartera irteera izango dira. Sukaldaritza tailerra etzi izango da eta egoitzan duten sukalde txiki batekin plater errazak egiten ikasiko dute: ´txurroak, krepak, sandwitxak eta abar egiten ditugu. Helburua da gazteak konturatzea ez badute prestatzen, ez dagoela janik` dio Oihana Iruretagoiena hezitzaileak. Larunbatean Santa Klara uhartera joango dira eguna pasatzera eta ordura arte egunero izango dute denbora pasaren bat gazteek. Bihar Play Station kontsolarekin ariko dira eta ostiralean gazte zinema izango dute.

Asteartetik larunbatera irekita
Gazte txokoa asteartetik larunbatera izango da irekita irailean zehar. Asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara eta ostiraletan eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara. Urritik ekainera arte igandetan ere irekita izango da txokoa, 17:00etatik 21:00etara; astelehenetan, berriz, itxita izango da urte osoan. Oihana Iruretagoiena hezitzailerean esanetan, ostiralean izaten da gazte gehien txokoan, ´80-90 lagun ere pasa daitezke`, baina egun guztietako bataz bestekoa ´35 inguruan` geratzen omen da.

Hiru hezitzaile eta hainbat denbora pasa
Gazteekin bi hezitzaile izaten dira egunero normalean, eta noizbait talde haundiarekin mugitu direnean hiru izatera ere iritsi dira. Hiruk osatzen dute, hain zuzen, Gazte txokoaz arduratzen den Urburu aisialdi taldea. Batzuetan kanpotik ere izaten dute jendea saioa dinamizatzeko, adibidez, Sex-Drog tailerretan edo emakumearen egunean: ´Sexuaz eta drogaz hitz egiteko bi neska etorri ohi dira eta datorren ostiralean ere etorriko dira` dio Oihanak. Emakume egunean, HIESari buruzko hitzaldian eta beste batzuetan ere jasotzen dituzte bisitak gazte txokoan. Aristizabalgo egoitzan hainbat alternatiba dituzte gazteek denbora pasatzeko: irakurketa gela, joko ezberdinak (futbolina, dardoak, ping-ponga, mahai jokoak...), telebista, DVDa, kontsola... ´Egoitza ez da oso haundia baino ondo ekipatuta daukagu. Ondo egoten da hemen` hezitzaileen esanetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!