Errugbi elkarteko sortzaileek inauguratuko dute Garagardo Azoka

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 11a, 02:00

Etzi inauguratuko du laugarren Garagardo Azoka errugbi elkarteak, elkartea sortu zuten kideen eskutik. Hiru kide dira 1965 urtean sorrera akta sinatu zutenak eta hiru lagun horiek izango dira inaugurazioan: Juan Karlos Crespo, Joakin Goikoetxea eta Tomas Molina. Urteroko moduan, garagardo barrika bat izango da inaugurazioan eta trikitixa doinuak alaituko du emanaldia, etzi, arratsaldeko 19:30etan. Behin hasiera emanda, igandera arteko festa izango da Atsegindegin.

Hamaika garagardo
Hamaika garagardo desberdin izango dira aukeran bakoitzak gehien gustatzen zaionetik edateko eta aurten litro erdiko edalontziez gain, litro laurdenekoak ere izango dira. Jateko, berriz, kodiloa, saltxitxak, baserriko oilaskoa, lakon-a, gulak eta patatak alioliarekin. Postrea nahi duenak ere izango du, gazta edo teja eta kanutiloak. Munduko errugbi txapelketa Aurtengo Garagardo Azokak munduko errugbi txapelketarekin egin du bat eta bertako partiduak ikusteko aukera izango da Atsegindegin, zuzenean nahiz diferituan. Horretarako pantaila erraldoi bat jarriko dute aurten ere.

Lau egun
Ostegun eta ostiral iluntzean eta larunbat eta igande eguerdi eta iluntzean egongo da irekita garagardo azoka. Arratsaldeko 19:30etatik 01:00ak aldera arte egongo da irekita eta larunbat eta igandean 13:30etatik 16:00etara ere bai. Aurten ere, 150 lagun ariko dira lanean, ostegunean bazkideak, ostiralean senior taldekoak, larunbatean eskolako gurasoak eta igandean beteranoak. Iaz bezalaxe, herriko 12 bat tabernari prestatu dira lan egitera eta hori asko nabaritu ohi da barran, elkarteko kideek Kronikari esan diotenez. Iaz, 4.100 litro garagardo edan ziren; ea aurten jendeak zer egarri dakarkien.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!