Hernaniko errugbi eskolak bihar izango du denboraldiko lehen entrenamendua, arratsaldeko 18:30etan, Landaren. Errugbi elkarteak dei egin die iaz ibili ziren infantil, alebin, benjamin eta aurrebenjaminei eta baita errugbia ezagutu nahi duten Hernaniko neska-mutil guztiei ere. Denboraldian zehar astean entrenamendu bat egingo dute Errugbi eskolakoek, ostiraletan, 18:30etan. Partiduak normalean igandean 10:00etan jokatuko dira, elkarteko arduradunek jakitera eman dutenez. Hernaniko Errugbi taldeek bertako jendearekin osatzen dituzte taldeak ia bere osotasunean eta harrobiari garrantzia berezia ematen diote. Errugbi eskolak aukera emango die neska-mutilei kirol hau ezagutu eta trebatzen joateko.
Gazteenen aukera
Errugbi eskolan 6 urtetik 14 urte arterako neska-mutilak ibiltzen dira, infantil, alebin, benjamin eta aurrebenjaminak (1993an jaiotakoetatik 2001ean jaiotakoetara). Interesa dutenak bihar azaldu litezke Landarera.
Gurasoei deia, bihar bilera egiteko
Errugbi eskolako neska-mutilei entrenamendurako deia egin die errugbi elkarteak eta gurasoei bilerarako. Bihar bertan izango da bilera, arratsaldeko 20:00etan, Landaren. Bi gairi buruz hitz egingo dute: batetik, errugbi eskola aurkeztuko dute (helburuak, ordutegia eta bestelakoak zehaztuko dituzte); eta bestetik, irailaren 13, 14, 15 eta 16an Atsegindegin egingo den IVgarren Garagardo Azokaren xehetasunak emango dituzte, antolakuntzaren nondik norakoak azalduko dituzte, eta barrako turnoak osatuko dituzte, besteak beste.