MUSIKA Eskola Publikoko idazkaritza buru belarri dabil aste honetan ikasleen behin betiko matrikulak egiten, izan ere, ostiralean bukatzen da matrikula egiteko epea, aurrematrikula egin eta onartu zituzten ikasleentzat. Aurten 480 bat ikasle izango dira musika eskolan eta denetariko instrumentuak ikasiko dituzte: biolontxeloa, klarinetea, gitarra, biolina, pianoa, akordeoia, txistua, alboka, dultzaina, trikitixa, txalaparta, saxoa, perkusioa, tronpeta, lengoaia musikala, abesbatza...
Zuzendari berria
Kurtsoa hastearekin batera zuzendaria ere aldatu dute. Bi urtez zuzendari lanetan aritu den Roberto Pachecoren postua hartuko du orain Maribel Insaustik, printzipioz beste bi urterako. Zuzendari berria akordeoi irakaslea ere bada, musika eskolan bertan. Azaldutakoaren arabera, zuzendari kargua izan arren, klaustro funtzionamendua dute, irakasle guztiak bilduta hartzen dituzte erabakiak. Musika Eskola oso haundia ez denez, ondo funtzionatzen duela azaldu du zuzendari berriak.
Ikasleak motibatu
Musika eskolaren asmoa da ikasle bakoitzak eman dezakeena ateratzea, Roberto Pacheco zuzendari ohiak azaldutakoaren arabera: ´saiatzen gara musika ikasleen hobby-a izatea eta eskola uzten badute, beren kabuz jarraitzeko ahalmena izatea, hala ere, ez da ahaztu behar musika eskola eskolaz kanpoko beste aktibitate bat dela`. Bide horretan, klaseak emateaz gain, saiatzen dira musika eskola bertatik ikasleak motibatzeko aktibitateak antolatzen: musika eskolako txarangarekin herriko festa ezberdinetan hartzen dute parte; txalaparta, saxo, alboka eta txistuaren inguruko topaketa ezberdinak antolatzen dira urtero; hilero antolatzen dituzte kontzertuak; lehiaketak ere egiten dira; eta igande eguerdiro musika eskolako ikasleekin kale buelta egiten da. Helburua da eskolatik aterata ere, beren kontura, musikaren inguruko gauzak antolatzen jarraitzea.