JOAN den astean hasi zen martxan berriro ere herri barruko autobus zerbitzua. Jose Inazio Zerain da autobuseko gidari bakarra eta ondo ezagutzen ditu zerbitzuaren xehetasunak. Azaldutakoaren arabera, eskola garaian, egunean 140 pertsona ibiltzen dira, bestela, erdira ere ez omen da iristen autobusa erabiltzen dutenen kopurua. Herri barruko autobuseko bidaiak 55 zentimo kostatzen ditu eta txartel bakarra erabiltzeko sistema ere badu.
Gehienak umeak, edadetuak eta Etxeberrikoak
Jose Inazio Zerainek azaldutakoaren arabera, haurrak eta edadetuak dira autobusa gehien erabiltzen dutenak. Umeek eskolara joateko erabiltzen dute eta edadeko jendeak erosketak eta bestelako errekaduak egiteko. Auzoei erreparatuta, Etxeberriko bizilagunak dira autobusa gehien erabiltzen dutenak, hala ere erabiltzaile kopurua pixkanaka-pixkanaka behera egiten ari dela ere azaldu du: ´Etxeberriko auzotar ugari auzoz aldatu dira, etxea saldu eta herri erdialdera joan dira bizitzera. Autobusa erabiltzen zuen edadetuko batzuk ere dagoeneko ez daude gure artean. Etxeberrira jende berri asko etorri da bizitzera, familia gazteak, eta horiek goizean kotxea hartu umeak eskolara eraman eta lanera joaten dira`.
Eskola garaia eta sagardotegi garaia
Herri barruko autobus zerbitzua zabaldu egiten da eskola garaian eta sagardo denboraldian. Eskola garaian, goizeko 08:00etako autobusa Telleri Gaineraino iristen da. Bestela eskoletako ordutegian anbulatorio zaharreraino joaten da. Sagardotegi denboraldian, ostiral eta larunbatetan autobusak izaten dira sagardotegietara joateko, bai eguerdian, baita gauean ere.