Kiroldegiko ikastarorik gehienak gaur bertan hastekoak ziren, baina berritze lanak direla-eta zenbait ikastaro irailaren 17an hasiko dira, Kirol Patronatutik jakitera eman dutenez. Lehengo teniseko pista egokitzen ari dira, zenbait kirol bertan egiteko, eta hori bukatu artean ez dira ikastaroak hasiko. Aerobik, Mantenimendu gimnasia, Spinning, Indoor Walking, Pody Pump eta Pilates ikastaroak dira atzeratuko direnak.
Beste zenbait ikastaro gaur
Gaur hasiko dira Helduentzako karatea, Mantenimendu igeriketa, Aqua-Gym, Haurtxoentzako igeriketa, 3-4 urte artekoentzat igeriketa eta 5 urtetik gorakoentzat hobekuntza. Bestalde, Umeentzako karatea irailaren 10ean hasiko da; Igeriketan Haurtxoen jarraipen ikastaroak irailaren 12an; eta Ur ekintza, eta Igeri eskola urrian, dagokien egun eta orduetan.
Ordutegi normala
Kiroldegiak ere udazken-neguko ordutegia du larunbataz gero, abuztuarekin bukatu baita udako ordutegia. Astelehenetik ostiralera goizeko 06:45etatik iluntzeko 21:30etara egongo da irekita kiroldegia (igerilekua iluntzeko 21:00etan itxiko dute); larunbatetan goizeko 09:00etatik 12:30etara eta 16:00etatik 19:30etara egongo da irekita; eta igande eta jai egunetan goizetan irekiko dute, 09:00etatik 12:30ak arte.