Txantxangorri elkarteko sagardo lehiaketa izaten da Hernaniko elkarteek egiten dituztenetan lehena eta aurtengoa, XXIVgarren edizioa, prest dute dagoeneko, irailaren 21erako. Aurten inguruko 15 sagardotegietako sagardoa izango da aukeran eta 156 lagun elkartuko dira afaldu eta puntuazioa emateko. Epaitzeko modua urterokoa izango da: afarian etiketarik gabeko sagardoak aterako dira, nongoa edaten ari den inork jakin ez dezan, eta jendeak 5etik 10erako puntuazioa emango dio bakoitzari, edan eta berehala. Punturik gehien biltzen duen sagardoa izango da txapelduna. Afaria 20:00etan puntuan hasiko da, eta afaltzera behin txapelketa hasita iristen direnek ezin izango dute punturik eman eta beraz jendeari puntual ibiltzeko deia egin diote Txantxangorriko arduradunek. Sagardoa gustora edateko berriz, primerako menua prestatuko dute aurten ere: hasteko, bakailaoa bizkaitar erara eta saltsa berdean, bigarren platerean bertako sahieskia, postrea, Urbasako gazta, kafea, kopa eta purua. Prezioa: 25 euro.
Izen ematea
Izen ematea asteazkenean irekiko da bazkideentzat eta irailaren 12ra arte izango dute izena emateko aukera, Txantxangorriko bulegoan bertan. Giltza duten bazkideek 2 lagun apuntatzeko aukera ere izango dute egun horien barruan. Irailaren 13tik aurrera berriz, gainerako guztientzat irekiko da izen ematea, 156 lagunak osatu arte. Izena ematen den unean ordaindu beharko da afaria.
Iaz, Bereziartua
Azken bi urteetan Bereziartuak irabazi du Txantxangorriko txapelketa. Iaz bigarren, Iparragirre gelditu zen; hirugarren Gurutzeta eta laugarren Otsua-enea. Lehenagoko txapelketei begiratuaz, berriz, 2004an, Irigoienek irabazi zuen; 2003an, Rufinok; 2002an, Irigoienek; 2001ean, Barkaiztegik; eta 2000 urtean, Rufinok. Adituen mahaia Txantxangorriko sagardo lehiaketan izaten da sari berezi bat, adituen mahaiarena, hain zuzen ere. Behin puntuazioa bukatzean, begiratzen da zein mahaietako puntuazioa izan den azken sailkapenetik gertuen ibili dena eta mahai horretako partaide guztiei oroigarri bat ematen zaie. Azken urteetan 7garren mahaia izan da sari hori lortu duena, aho sapai fineko jendea biltzen da bertan nonbait.
Ondorenean besteak
Txantxangorrikoa izaten da sagardo txapelketetan lehenengoa eta ondorenean etorriko dira gainerako elkarteetakoak: Elur Txorikoa, Xalapartakoa eta gainerakoak.