Ile-apainketa eta edergintza edo Sukaldaritza eta gozogintza lanbidea ikasi nahi duten Buruntzaldeko gazteek Usurbilen dute aukera, bi kurtsoko formazio ikastaroetan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulurik ez duten gazteei zuzendutako formazio eskaintzak dira, ikasten ari direnentzat nahiz langabezian daudenentzat. Lanbide bat ikasteaz gain, Buruntzaldeko enpresetan praktikak egiten dira eta ikasle askok lortzen dute lan-munduan sartzea, Usurbilgo Lanbide Hastapeneko Ikastetxeko arduradunek Kronikari esan diotenez. Bestalde, DBH graduatua lortzeko laguntza ere ematen diote gazte bakoitzari.
Bi urteko formazioa
Formazio ikastaroek bi urteko iraupena dute eta bakoitza urrian hasi eta ekainera artekoa izaten da, 1000 ordukoa. Lehen ikasturtean oinarrizko formazio teoriko eta praktikoa jasotzen da, talde txikietan eta ikaskuntza indibidualizatuan. Alegia, ´ikasle bakoitzaren premien araberako ikaskuntza indibidualizatua da`. Bigarren ikasturtean, apirilera arte sakontze ikastaroa izango dute, 550 ordukoa eta apiriletik aurrera eskualdeko lantegietan 450 orduko lan praktikak izango dira, lan mundura salto egiteko beharrezko eskarmentua hartzeko.
Titulua ateratzeko laguntza
Ikastetxeko arduradunek jakitera eman dutenez, ikastaro hauek ikasleak berriro ikasketa arautura bueltatzeko bidea zabaltzen diete, DBH graduatuak ateratzeko laguntza eskainita. Tutoretza bidez formazio teorikoa ematen zaie banaka.
Lanerako pausoa
Ikastaro hauetan eskualdeko lantegietan egiten dituzte praktikak, eta horrek erraztu egiten du lan kontratu bat lortzeko aukera. ´Gaur egun, lan-eskaintza haundia dago eta praktiken ondorioz lan kontratu asko sortzen dira`, Usurbilgo Lanbide Hastapeneko Ikastetxetik azpimarratu dutenez.