Zeberio txapeldun, latz jokatuta

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 2a, 02:00

Elduaindarrak 11 tanto egin zituen saketik eta asko behartu zuen Ezkurra. Dirua nabarmen irten zen Ezkurraren alde (1.000-250), baina ez zen pronostikorik bete.

Patxi Zeberiok dena ondo egin behar zuen partidua irabazteko, aldez aurretik berak aitortu zuenez, eta horrelaxe egin zuen. Koteto Ezkurra gainetik pasa zuen eta 35-17 irabazi zion, pronostiko guztiak hautsita. Ezkurra konfiantaz gainezka eta joko puntu onean iritsi zen finalera eta bazirudien erraz irabazi behar zuela, baina hezur haragizkoa dela ikusi zen atzo eta Zeberiok asko joka lezakeela, presiorik ez duenean.

Sakean bikain
Zulorik haundiena duen horretan asmatu zuen atzo Zeberiok, sakean. Hamaika tanto egin zituen saketik elduaindarrak eta gainerako tantoetan ere asko behartu zuen Ezkurra. Horrez gain, peloteoan ere gehiago izan zen Zeberio eta serio jokatu zuen, markagailuko aldeak ematen duen segurtasunarekin. Peloteoan indar haundia erakutsi zuen eta asko eman zion pelotari, asko defendatu zuen eta baita pelota ondo kolokatu ere. Honenbestez bere ametsa bete zuen Zeberiok: txapela Ezkurrari irabaztea. Iazko txapelarekin amets bat betea zuen gipuzkoarrak, baina txapelak balio haundiagoa du Ezkurrari irabazita.

Hamargarrenik ezin
Zeberiok asko jokatu zuen eta Ezkurrak gutxi. Partidu kaxkarra egin zuen doneztebearrak, batipat sakean ez zuelako batere asmatu. 1995ean lehenengo txapela irabazi zuenetik ez du buruz buru hainbesteko egurrik hartu eta hamargarren txapelik gabe geratu da aurten ere. Iaz lesio batek galerazi zion hamargarren txapel hori, eta atzo Zeberio haundi batek. Ezkurrak berak ere onartu zuen partidu bukaeran Zeberio gehiago izan zela, eta berak ez zuela zekienik erakutsi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!