Bi lagun, txapel bakarra

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 1a, 02:00

Ezkurrak eta Zeberiok buruz buruko Casino Kursaal txapelketako finala jokatuko dute gaur, arratsaldeko 17:00etan Galarretan (ETB1ek emango du zuzenean). Ezkurra irtengo da faborito.

Gaur jokatuko dute buruz buruko final haundia momentuko bi pelotari onenek, Koteto Ezkurrak eta Patxi Zeberiok. Bederatzi aldiz txapeldun izan den Ezkurrak lehen urtean adinako ilusioa duela adierazi zuen material aukeraketa egunean eta faborito irtengo da. Patxi Zeberiok, bestalde, iazko txapelari eutsi nahi dio aurten eta badaki ´dena ondo eginez gero` bere aukerak izango dituela. Bi lagun haundi lehian ikusteko aukera izango dugu gaur, baina kantxa barruan elkarri barkatzeko ez daudela argi adierazi dute, urteko zitarik garrantzitsuenean.

Sakea, txapelerako giltza
Antzeko doaiak dituzten bi pelotari dira Zeberio eta Ezkurra eta partidu gogorra espero liteke. Buruz buruko partiduetan sakeak garrantzia berezia du erremontean, eta aurrez aurre bi aurrelari daudenean are eta gehiago, urte osoan ez baitute sakerik egiten. Sakatzen Ezkurra finago ibili da finalaurreko partiduetan eta gaur Urrutiaren aurka adina sakatzen badu, txapela ez du urruti ibiliko. Zeberiok bestalde, badaki aurreko partiduetan baino gehiago sakatu beharra daukala, aurkaria behartu eta tantoa egin ahal izateko. Kolpeari eta fisikoari dagokionean, biak daude indartsu, Ezkurrak zangoan susto txiki bat izan berri badu ere ´baina ondo osatuta` dauka. Partidua arratsaldeko 17:00etan jokatuko da, eta jaialdia beste hiru partiduk borobilduko dute, 16:00etan hasita. Lehen partiduan Urriza-Olazar Matxin III-Agirrezabalaren aurka ariko dira; bigarrena izango da buruz buruko finala; hirugarren partiduan Bitoria-Etxeberria III-Altuna II-A. Lekunberriren aurka; eta azken partidua ere haundia izango da gaur: Juaristi-Eizagirre, Altuna I-Urrutia.

Azken urteetako historiala
1986 Agerre 35 - Intxauspe 31
1987 Intxauspe 35 - Mujika I 28
1988 Mujika I 35 - Aizpuru 9
1989 Matxin 35 - Intxauspe 27
1990 Matxin 35 - Mujika I 16
1991 Mujika I 35 - Elizalde 25
1992 Matxin 35 - Mujika I 21
1993 Aizpuru 35 - Agerre 31
1994 Matxin 35 - Aizpuru 27
1995 Ezkurra 35 - Aizpuru 21
1996 Ezkurra 35 - Eizagirre 31
1997 Ezkurra 35 - Eizagirre 25
1998 Ezkurra 35 - Lizaso 24
1999 Ezkurra 35 - Eizagirre 31
2000 Lizaso 35 - Ezkurra 25
2001 Ezkurra 35 - Lizaso 14
2002 Ezkurra 35 - Zeberio II 27
2003 Eizagirre 35 - Ezkurra 28
2004 Ezkurra 35 - Lizaso 33
2005 Ezkurra 35 - Lizaso 27
2006 Zeberio II 35 - Urrutia 31
2007 Ezkurra - Zeberio II ?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!