HERNANIKO errugbi taldeak abuztuaren 20an hasi zituen aurrendenboraldiko entrenamenduak, jubenil eta senior mailako jokalariekin. Ohorezko B mailako taldeak gaur jokatuko du aurredenboraldiko lehendabiziko partidua, La Unicaren kontra, Iruñean. La Unica taldea aurreneko mailan dago, beraz ez da partidu erraza izango. Ohorezko B mailako taldeak astebururo izango ditu partiduak, aurredenboradian, eta piskanaka taldea itsuratzeko balioko dute.
Landare erabili ezina
Azken euriteen ondoren, errioa atera eta Landare urez bete zen. Errioa bere bidera itzuli bada ere, Landareko zelaia konpondu, papeleoa egin, eta erabiltzeko moduan izan arte denbora pasako da, beraz aurredenboraldiko partiduak etxetik kanpora jokatu beharko dituztela aurrikusi dute. Baloiarekin egin beharreko entrenamenduak ere beste zelairen batzuetan egitekoak dira, seguruenera.
Senior taldea, iaz Ohorezko Mailara igotzeko zorian
Ohorezko B mailan, Hernanik iazko azaina berdindu edo gainditzea du helburua, hau da, mailaz igotzea. Hala ere, aurten denboraldi hasiera zaila aurrikusi dute, Ohorezko Mailatik jaitsitako taldeak Hernaniren taldean baitaude. Aurtengo denboraldian ikusi duten beste pega bat da partidu asko dituztela jarraian, eta errekuperatzeko denbora gutxi izango dutela. Taldeko arduradunek azpimarratu dutenez, aurten ere harrobiko jokalariak izango dira taldea osatuko dutenak: ´Beste taldeek fitxajeak egingo dituzte eta hori dela eta ez dakigu zer aurkituko dugun, ligako aurreneko bueltak taldeak ezagutzeko balioko digu`.
Jubenilak eta bigarren taldea
Senior mailako bigarren taldeak, taldea mantentzea izango du aurtengo helburua. Iaz, taldeak denboraldia hasi zuen, baina Euskadiko Kopa ezin izan zuten bukatu, jokalari faltagatik. Jubeniletan, jokalari asko seniorretara igoko dira aurtengo denboraldian. Iaz Euskal Herriko txapeldun izan ziren eta estatuko txapelketako finalaurrekoetan eliminatu zituzten. Taldea osatzen saiatuko dira eta gustora entrenatuta emaitzak etorriko direla uste dute.