Zer kontzertu prestatu duzu Chillida Lekurako? Choréographie izeneko programa prestatu dut, Frantziako Luis XIVgarrenaren garaiko dantzarako musikaz osatutakoa. Musika hau aurrenekoz antzerkian entzun zen, baita opera eta baletean ere. Pieza horietatik asko Jean-Baptiste Lullyk konposatu zituen. Versaillesko gortearen entretenimendurako ere jotzen ziren pieza hauek, eta gorteetako gaueko festa informaletan ere entzun zitezkeen. Erregeak bere entretenimendurako ere erabiltzen zuen musika hau. Antzerkian, dantza hauek orkestra batek jotzen zituen, eta garaiko ballet dantzari onenek dantzatu. Luis XIVgarrena bera ere oso dantzari ona zen, eta dantzari profesionalekin batean dantzatu zuen gortearen denborapasarako. Dantzarako musika bezala jotzen zenean, bibolin orkestra txiki batek jotzen zituen. Ganbara musikari dagokionean, garaiko musika konpositore onenek moldatzen zituzten pieza hauek, batez ere sokazko instrumentuentzat, hala nola klabikordioa, laudea, gitarra edo harparentzat. Bai antzerkian eta baita ganbara musikaren kasuan ere, askotan doinu hauekin batean abestu egiten zen. Bestetan, instrumentu bakarrekin jotzen zuten.
Zer dela eta aukeratu dituzu dantzarko abestiak kontzertu honetarako?
Dantza hauek, konkretuki, Raoul Auger Feuillet-en liburu batetik datoz, 1700 urtean publikatutako Choréographie izenekotik. Bere liburua izan zen dantzari buruzko aurrenekoa, hitzak erabili beharrean, sinbolo sistema bat erabiltzen zuena, pieza hauek nola dantzatu behar ziren adierazteko. Hau da, musikariek beren sinboloak dituzten bezala, Feuillet-en dantzarako idatzi hauek ere sinboloak dituzte, nola dantzatu behar den adierazteko: nola ibili behar den eszenatokian barrena, eta nola bat egiten duten mugimendu hauek musikarekin. Zein da pieza hauen berezitasuna? Feuillet-en liburu honek garaiko pieza preziatuenak biltzen ditu: garaiko pieza modernoenak, eta zaharragoak diren piezen artean gustokoen zituenak (Luis XIVgarrenaren mandatu hasierakoak eta Lully-ren konpositore karrera hasierakoak). Azpimarratzekoa da Feuilleten pieza gustokoenak beste antzeko errekopilazioetarako ere aukeratu izan dituztela, klabikordio edo gitarrarentzat egindako bildumetarako. Pieza hauek garaiko pieza ezagunenak ziren.
Kontzertu hau musika jakitunentzako al da. Ala edozeinek entzuteko modukoa da?
Lully-ren doinuak ezagunak ziren gortean, baina baita jende arruntaren artean ere. Bere abestiak edozeinek abesten zituen: bai Printzesak baita tabernako zerbitzariak ere. Jendeak doinu hauekin txistu egiten zuen kaleetan. Frantziako musika barrokoaren berezitasuna da: sinpletasuna, elegantzia eta musika erritmo intentsuak nahasten ditu. Lully-ren sekretua erritmo garbi eta intentsuak erabiltzea zen, horrela entzule guztiek sentitzen zuten hankak mugitu beharra, eta aulkitik altxatzeko beharra eta dantzatzen hasteko. Musikan jakitun direnek detaile sutiletaz gozatzeko aukera izango duten bezala, espero dut, dantzarako doinuek maila guztietako jendearen arreta piztuko dutela, Luis XIVgarrenaren garaian egin zuten bezala.
Kontzertu honetarako ilusio berezirik ba al duzu?
Bai, hau izango da Espainiar Estatuan Choréographie-rekin emango dudan aurreneko kontzertua. Luis XVIgarrenaren garaian Espainiako musika oso ezaguna zen: Lully-ren baletak dantza ugari zituen espainiar erara. Beraz, espero dut, 17garren mendeko Versaillesen Espainiko musika nola ber-asmatu zuten entzuteko interesa izango dutela gerturatzen direnek. Eta espero dut baita ere, garai bateko Espainia eta Frantziako dantzen arteko lotura berpiztuko dela biharko kontzertuan. Horrez gain, kontzertua berezia izango da, baita ere, arrazoi pertsonalengatik, nire urtebetetzea baita.
Zer esan nahi du Nicanor Za baletak zuretzat?
Zabaletaren lan aintzindariari esker pedaldun harpajole belaunaldi oso bat Aintzinako Musikara gerturatu zuen, bereziki, Espainiako musika barrokora eta errenazimenduko musikara, non harpak berebiziko garrantzia zuen. Harro nago bere urratsak jarraitu izanaz eta bere lanaz baliatuta beste urrats bat eman izanaz: Aintzinako Musika aintzinako harparekin jotzeaz, harpa modernoarekin jo beharrean, Musika hau bere garaiko harparentzat konposatu baitzen. Aintzinako Musika esplorazio moduko bat da, mendi bat igotzen duzun bakoitzean hurrengo bailarak ikusten dituzu aurrean, esploratzeko zain. Zabaletak mendi musikologiko ugari igo zituen, eta zetozen belaundaldiek jarraitu beharreko bidea erakutsi zien musikari eta ikasleei. Harro nago bere bidea jarraitu izanaz, eta berari eskerrak ematen dizkiot aukera eman didalako neronen aurkikuntzak egiteko.
Nolatan harrapatu zaitu Aintzinako Musikak?
Nere lehendabiziko musika heziketa katedral ingeles batean izan zen, mutikoentzako koro batean. Koruko errepertorioak 16 eta 17garren mendeko Aintzinako Musika ingeles ugari zuen, beraz musika honekin hazi nintzen. Unibertsitatera joan nintzenean, Jordi Savallen grabaketak entzun nituen. Honen bidez konturatu nintzen Aintzinako Musikak izan zezakeen kolore eta emozio aniztasunaz: hasi ingeles polifoniatik, pasioz betetako dantza espainiarretaraino. Matematika karrera bukatu nuenean, aldatu eta musika ikasketak egin nituenpost-graduan. Bertan abeslari eta Continuo jole ikasketak burutu nituen. Nere ibilidea Aintzinako Musika abeslari moduan hasi zen, baina harpa barrokoa aurkitu nuen. Garai hartan, ez zegoen aintzinako harpa ikasteko eskolarik, beraz jatorrizko iturrietara jo nuen. Errenazimendutik eta irakasle barrokoetatik ikasi nuen harpa barrokoa jotzen, eta baita banekiena instrumentu honetara moldatzen ere.
Munduko artista onenen artean zaude Aintzinako Musikari dagokionean, baina musika barrokoaren inguruko ikuspegi berezia ere baduzu.
Sinistuta nago Aintzinako Musikak entzule modernoak harrapatzen dituela, eta paradoxa dirudien arren, musika jotzeko egiazko modua, oso erradikala da, oso modernoa, entzuleentzat entzuteko zirraragarria. Interpreteek 17garren mendean, enfasi haundia jartzen zuten erritmoan, baita kolore aniztasunean ere. Hitz egingo balute bezala jotzea, horri ematen zioten garrantzia. Haiek uste zuten istrumentuek ere hitz egin behar zutela, testu bat izango balitz bezala, eta entzuleak harrapatu behar zituztela emozio ezberdinak sentiarazteko: barre egiteko, negar egiteko, eta bereziki dantzatzeko gogoa sentiarazteko. 17garren mendeko interpreteek ere inprobisatu egiten zuten, partitura abiapuntu bezala hartzen zuten. Momentuan sentitzen zituzten emozioak ateratzen zituzten musikaren bidez. Hori dela eta 17garren mendeko musika hau oso berria da, jotzerako momentuan asmatzen baita. Jendeak gaur egun denetarik entzuten du: musika klasikoa, folka, rocka, jazza... Musikari moderno naizen aldetik, uste dut musika on klase ugari daudela, eta bakoitzak du bere momentua. Jazzaren inprobisazioa, rockaren erritmo gogorrak, folkak zuzenean komunikatzeko duen gaitasuna eta musika klasikoaren elegantzia eta sofistikazioak elkar osatzen dute. 17garren mendean ere musikariek ere estilo ezberdinak jotzen zituzten: abesti herrikoietatik hasi eta polifonia sofistikatueneraino. Hori dela eta uste dut Aintzinako Musika bat datorrela mundu moderno eta multikulturalarekin.
Musika irakaslea ere bazara. Nola ikusten duzu mursika barrokoaren etorkizuna gazteen artean?
Aintzinako Musikak interpreteak bere burua eta bihotza erabiltzera gonbidatzen ditu musika egiterakoan. Jazza jo daiteke pieza batean, rock musika beste batean, eta beste batean musika klasikoa. Aintzinako Musika jotzeko energia erritmiko haundia behar da, estilo ezberdinak jotzeko prest egon eta onartutako sinismen asko zalantzan jartzeko prest. Uste dut ezaugarri hauek gazteekin bat egiten dutela. Duela urte gutxi batzuetatik hona harparen inguruan zeuden estereotipo zaharrak puskatu dira (aingeruak eta bodak). Gaur egun jazz harpa dago, rock harpa, eta Hego Afrikako folk harpajoleak, esate baterako. Harpak gazte musikari bati aukera ugari ematen dizkio, estilo herrikoi eta sofistikatuen arteko nahasketa, baita harpa protagonista den errepertorioak ere. Gaur egun talde gehiago dago harpajole barroko bila, dauden harpajoleak baino. Beraz, arlo ona da musikari gazteek lana bilatzeko.