DATORREN asteburuan izango dira Zikuñagako festak, irailaren 8 eta 9an. Zikuñagan garai batean izaten ziren festak baina 1995garren urtean utzi zioten egiteari. Iaz gazte talde batek festak berriro antolatzeko erronkari eutsi zioten eta izandako arrakasta eta jendearen erantzun ona ikusita, aurten bi egun antolatzea erabaki dute. Antolatzaileen hitzetan asmoa ez da sekulako festa antolatzea, baizik eta, eskura dituzten baliabideekin eta modu xumean, auzotarrak gozatzeko moduko festa egitea.
Larunbatean goizetik iluntzera arteko egitarau betea
Larunbat goizetik hasi eta goizaldera arte izango da festa Zikuñagan. Goizean zehar haurrentzako jokuak eta buruhaundiak izango dira. Aurten buruhaundiak auzoan bertan egin dituzte gainera: ´batean eta bestean buruhaundiak eskatzen aritu ginen, baina denak hartuta zeuden. Hori dela eta duela bost bat hilabete auzoko jaietarako buruhaundiak egiten hasi ginen. Pertsonaje ezberdinak sortu ditugu: baserritarra, deabrua, pailazoa, sorgina, trigre moduko pertsonajea eta punkia` azaldu du jaiak antolatzen aritu den Harkaitzek. Goizen zehar, eskola zaharretan, Errapia arte taldeko kideen lanak izango dira erakusketan. Segidan patata tortilla lehiaketa izango da. Iaz 20 tortilla aurkeztu ziren lehiaketara, eguraldi eguzkitsuak lagunduta. Ea aurten parte hartze hori berdindu edo gainditzen den. Eguerdian sagardo dastaketa izango da, Hernani eta Astigarragako sagardoekin. Bazkalondoan, urarekin borroka egingo dute auzoan eta segidan txokolatada. Arratsaldeko 19:00etan, festen inguruan antolatu duten saskibaloi txapelketako finalak jokatuko dira. Bukatzean, poteoa izango da Lubaki batukada taldearekin eta gaueko 21:30ak aldera, Zikuñagako eskola zaharretan afari herrikoia egingo dute. Afaria 140 pertsonentzako antolatu dute eta jakinarazi dutenez, afarirako txartelak salgai daude, 10 euroren truke, Zikuñagako Parrita eta La Cepa tabernetan. Gaua errematatzeko, kontzertuak ere izango dira, Hernaniko The Zepo rock taldea eta Frantzian ezagunak diren Parisko Unlogistic punk taldearekin. Hirugarren talde bat ere izango da, kontzertuan.
Igandean ere bai
Igandean ospatuko dute Zikuñagako Amaren eguna. Goizean puzgarriak izango dira eta arratsadean animatzen direnentzat herri kirolak. Hernaniko bertso eskolako bertsolariek girotuko dute herri kirol saioa. Arratsaldeko 18:00etan, auzoko jaietako argazki zahar eta berriekin erakusketa jarriko dute, auzoaren historia pixka bat ezagutarazteko asmoz. Auzoaren historiaren berri eman du Harkaitzek: ´Lehen jaietan erromeria egiten zen Zikuñagako ermita inguruan. Ermita 1987garren urtean bota zuten eta azken erromeria 1985ean egin zen`. Jaiari amaiera auzotarrentzako antolatu duten meriendak emango dio.
Jendea gogoz
Harkaitzek azaldutakoaren arabera, jendea jaietarako gogoz ikusi du aurten ere. ´Etxeetatik pasa garenean laguntza eskean, jendea jaietarako gogoz ikusi dugu. Kamixetak ere atera genituen, Zikuñagako ermitaren irudiarekin eta atera orduko bukatu ziren. Ermita gogoratzen duen jendea emozionatuta ikusi dugu ermitaren irudia atera dugulako berriro ere`. Jaiak antolatzerakoan buruan izan duten intentzioa ere azaldu du Harkaitzek: ´gure helburua da auzotarrak biltzea jaietan, bai garai batean auzoan bizi zirenak, baita auzora etorri berriak direnak ere`.