Materialaren aitzakiarik gabe jokatuko dute finala bihar Ezkurrak eta Zeberiok

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 31a, 02:00

Koteto Ezkurra eta Patxi Zeberio biak azaldu ziren atzo gorriz Galarretara, material aukeraketara. Zeberiok berak ederki adierazi zuenez, azken txapelduna bera izan arren ´Ezkurrak partidurik ez duela galdu dioelako`. Izan ere lesio batek baztertu zuen iaz doneztebearra, eta txapelduna Zeberio izan arren, Ezkurra izango da faborito. Hala ere, final gogorra espero da bihar, antzeko doaiak dituzten bi pelotarik neurtuko baitituzte indarrak: fisiko latza, erresto ona, kolpe gogorra eta tantoa bukatzeko erraztasuna. Biak aurrelariak izaki, sakean izango dute zulorik haundiena, eta finalaurrekoetako partiduetan Ezkurrak erakutsi du sakean nahiko fin dabilela.
Pelotekin gustora Aukeratutako materialaren aitzakiarik ez zuten jarri atzo pelotariek. Ezkurrak material bizia aukeratu du ´behetik asko ibiltzen dena`. Horrekin sakea aprobetxatu nahi du eta peloteoan bere indarra baliatu. Zeberiok ere bostetik hiru pelota biziak aukeratu ditu, ahal dela sakea aprobetxatu eta peloteoan min egiteko, eta bada ezpada bi pelota motelagoak ere hartu ditu ´Ezkurrari ere material bizia komeni zaiolako`.
Bost urte geroago Orain bost urte jokatu zuten finala bi pelotariek elkarren aurka eta ordu hartan Ezkurrak irabazi zuen. Ordutik gauzak asko aldatu dira, batipat Zeberiok buruz buru gehiago jokatzen duelako. Baina, Ezkurrak ez du behera egin eta kostako zaio gipuzkoarrari nafarrari hamargarren txapela burutik kentzen. Jaialdia bihar 16:00etan hasiko da eta bigarren partidua izango da finala.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!