Paulino Luesma Espainiako gobernuak EAEn duen delegatuak errekurritu egin ditu Hernaniko eta Elorrioko Udalek presoen batzordea eta errepresaliatuen batzordea sortzeko hartutako erabakiak eta etete kautelarra eskatu du, atzo zenbait komunikabidek jakitera eman zuten moduan. Paulino Luesmak adierazi duenez, udalek ez dituzte erabaki horiek hartu ziren plenoetako aktak bidali eta horregatik hartu du inpugnatzeko erabakia.
Agindua emana
Gobernu taldeko arduradunek atzo Kronikari adierazi ziotenez, eskaera ofiziala abuztuaren 17an jaso zuten Udalean, eta agindua emana dago informazioa bidaltzeko. Bestalde, erabakia inpugnatzeko erabakiaren berri komunikabideen bidez izan dutela ere nabarmendu du Gobernu taldeak.
Uztaileko erabakia
Hernaniko Udalak uztailaren 12ko plenoan erabaki zituen legealdi berrirako batzordeak. Batzordeetako hiru berriak dira: presoen batzordea, Hernani 2020 eta parte hartze batzordea. Presoen batzordea ANV-EAEko zortzi zinegotzien aldeko botoekin onartu zen; PSE-EE eta PPk aurkako botoa eman zuten eta EAJ-PNV, EA eta EB-Aralarko zinegotziak abstenitu egin ziren.
Udalen autonomia
Paulino Luesmak prentsa bidez jakitera eman zuen uztailean plenoetako erabakien aktak eskatuko zituela. Hernaniko eta Elorrioko Udalek prentsa oharra kaleratu zuten orduan, Paulino Luesmaren erabakia gaitzetsi eta Udalen autonomia defendatzeko: ´instituzioek herritarren zerbitzura egon behar dutela uste dugulako, ez alderantziz`.