«Etxe osoa ezin da kartoizko altzariekin egin, baina gauzaren bat edo beste egin daiteke»

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 29a, 02:00

Olatz Intxaustik kartoiez egindako logela aurkeztu zuen Nahas Mahas azokan. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, jendea ibili zen.

Nahas Mahas bigarren eskuko azoka gorputz hartzen ari da, eta lehengo larunbateko euriteak lagundu ez bazuen ere, jendea ibili zen. Emauseko kideen hitzetan, Atsegindegi estalia izan arren, eguraldiak jendea atzeratu egiten du eta hori nabaritu da uztaileko azokatik abuztukora. Guztira 30 bat postu jarri zituzten eta horien artean denetatik jarri zuten salgai. Larunbat honetako berezitasunetako bat Olatz Intxausti Emauseko langileak erakusketan jarritako kartoizko logela izan zen.

Birziklatzea helburu
Olatz Intxaustik Kronikari adierazi zionez, aurten hasi da birziklatutako materialarekin gauzak egiten. Duela bi hilabete jostailuak egin zituen, eta geroztik azokan jarritako kartoizko logela egin du, bere ohe, besaulki, mesanotxe, apal eta abarrekin, edukiontzi urdinean bildutako kartoiarekin. Logela hau egiteko 3 aste behar izan ditu, goizero lan eginda. Besaulkia diseinu berezikoa da, erabiltzeko pentsatua eta 125 kilo arte ondo jasaten dituena. Besaulkia egiteko diseinua internetetik atera du Intxaustik, Kronikari azaldu dionez, eta gainerako gauzak berak diseinatu ditu. Emauseko kideak nabarmendu duenez, birziklatutako materialarekin altzariak egiteko informazio asko dago interneten eta badira birziklatutako altzariak saltzen dituzten enpresak ere.

Aukera zabala
Birziklatutako materialarekin gauza asko egin litezke. Olatz Intxausti berak argi dio, etxe oso bat ezin dela kartoizko altzariekin egin, ´baina gauzaren bat edo beste egin daiteke`. Erakusketan jartzearen arrazoietako bat ´jendeari kreatibitatea suspertzen saiatzea` izan da, horrelako gauzak egitera animatu daitezen. ´Egiten ondo pasatzen da, eta zuk zerorrek egina, ba, sentsazio oso ona da, eta gainera erabili egin dezakezu` Intxaustik azaldu duenez.

Irailerako esperantza
Hileroko azken larunbatean izaten da Nahas Mahas azoka, Atsegindegin. Emaus Fundazioko kideek Kronikari azaldu diotenez, irailean arrakasta haundia izateko esperantza dute: batetik, jendea ohitzen ari delako azokarekin; eta bestetik, Trapu Zaharrak taldea etorriko delako giroa alaitzera. Azokan ikastetxeek, elkarteek, taldeek eta norbanakoek jarri ditzakete gauzak salgai, eta horrela zaborretara botatzekoak ziren gauzak berrerabili egingo dira, xoxa batzuk lortzeaz gain. Datozen azoketan parte hartu nahi izanez gero, 943 367534 telefonora deitu edo mezu bat bidali azoka@emaus.com helbidera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!