Wukrorekiko elkartasun bazkaria irailaren 16an

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 29a, 02:00

Aurten hirugarren urtez antolatu dute, Angel Olaran misiolari hernaniarrak Etiopian egiten dituen proiektuetarako dirua bildu ´eta batez ere jendea kontzientziatzeko`. Bazkari txartelak, kamisetak, motxilak eta pinak salgai daude.

Wukrorekiko elkartasun bazkaria irailaren 16an izango da aurten, Atsegindegin, elkartasun taldeko kideek atzo prentsaurrean azaldu zutenez. Angel Olaran misiolari hernaniarra Etiopiako Wukro herrian egiten ari den lanerako dirua biltzea da bazkari honen helburuetako bat ´eta batez ere hango egoeraz jendea kontzientziatzea`, atzo prentsaurrean azaldu zutenez.

4.000 laguni laguntza
Angel Olaran misiolari hernaniarra Etiopiako Wukro hirian aspalditik ari da lanean, batez ere umezurtzekin eta baztertuenekin. Lehen helburua neska-mutil horiei jatekoa ematea da eta horrekin batean beste zenbait oinarrizko behar asetzea. Olaranek gaur egun ia 4.000 laguni ematen die laguntza eta hauetatik 1.600 umezurtzak dira eta gainerakoak HIESA duten gaixoak, tuberkulosia dutenak, alargunen seme-alabak, kaleko umeak... Olaran berak dioenez ´haurretan inbertitzea etorkizunean inbertitzea dela uste dugu`.

Txartelak salgai
Beste herrialde bateko goseari aurre egiteko bazkari bat antolatzeak kontradizioa badirudi ere, antolatzaileek Olaranek berak dioena diote: ´hemen gauzak horrela egiten direnez, horrela egiteak du zentzua`. Bazkari txartelak 25 eurotan egongo dira salgai eta baita kamiseta, motxila, pin eta gainerakoak ere, bihar hasita ostegunero ferian (11:30-13:30 eta 16:30-19:00). Horrez gain, Biterin, Goiz Eguzkin, Kixkalen, Aralarren, Galerias Buen Precion, eta Iruretagoienan ere badaude salgai eta Migel Lujanbiok Kale Nagusian salduko ditu egunero. Egunean bertan, bazkariaz gain, txanpon kate bat osatu nahi dute 50 zentimoko txanponekin, Plaza Berritik Urbieta kale aldera. 50 zentimoko txanponekin osatuko dute, kopuru horixe delako behar dena Etiopiako ume bati egunean jaten emateko. Iaz, guztira 15.500 euro lortu zituzten eta aurten saiatuko dira kopurua haunditzen.

Enpresei karta
Wukrorekiko elkartasun taldeak Hernaniko enpresei ere eskatzen die laguntza eta horretarako 300 enpresetara idatzi dituzte kartak, proiektua azaldu eta baderizkiote, diru laguntza emateko kontu korronte zenbakia emateko. Kontu honetan enpresa nahiz banakoek eman lezakete dirua eta zuzenean iristen da Olaranengana. Kontu korronteko zenbakia da: KUTXA 21010041080010282606.

«Wukron izan ondoren gauzak beste modu batera ikusten dira»
Mertxe Jimenez eta Maria Pueio Wukron izan berri dira eta bertan ikusi eta sentitua kontatu zuten atzo. Maria izana da lehenago ere, baina Mertxek lehen bidaia zuen bertara. Bertako bizimodua oso gogorra dela diote ´eta ikusten da hemendik bidaltzen zaien guztiaren beharra dutela`. Bertan egoera oso gorrak ikusi dituzte HIESA duten haurrak, ama hil zorian duten neska-mutil talde bat ospitalean eta abar luze bat. Heriotza beste modu batera bizi dute bertan Hernaniko bi lagunen hitzetan, egoerak eraginda seguruenera. Ume askorekin egoteko aukera izan dute, eta egoera desberdin asko ezagutu dituzte. ´Baina konturatu behar duzu ezin duzula hango egoera aldatu eta laguntzeko, ezin zara erabat inbolukratu, bestela anima lurrera erortzen zaizu zenbait egoeratan`. Handik bueltan Wukrori laguntzeko indar haundiagoz daudela ere azpimarratu dute ´benetako beharra eta Angelek egiten duen lana gure begiz ikusita`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!