Joan den asteko denboraleak zenbait txikizo eragin ditu eta besteak beste, herriko parkeetako arbolak astindu ditu haizeak. Larunbat goizean Goiz Eguzkiko harribitxiari, Ginkgo Biloba haundiari, bi adar hautsi zitzaizkion, eta igande goizean, Atarrabiyon, 21 metro luzeko tilo bat erori zen, nahiko ihartua zegoena. Arbola Marieluts aldera erori eta bidea moztuta gelditu zen, goizaldeko 04:00etatik 05:45ak arte, arik eta Udal langileek arbola zatitu eta garbitu zuten arte. Tiloak inguruan zeuden 4 autori kalteak ere eragin zizkien, Udaltzainek jakitera eman dutenez.
Guinkgoak, 130 urtetik gora
Hernaniko arboletan berezienetako bat da Goiz Eguzkiko Ginkgo Biloba, espezie honetan Euskal Herrian dagoen haundiena, seguruenera. Historia luzea duen arbola da hau, eta noiz aldatua den inork ez badaki ere, 130 urtetik gora baditu. Gerra Zibilean hegazkinak botatzeko armen gordelekua zen Ginkgo haundia eta gora igotzeko burdinezko eskailera batzuk ere bazituen, eta baditu, dagoeneko arbolak berak irentsiak. Guinkgoak dioikoak dira, harra edo emea izan litezke. Hernanikoa emea da eta horregatik ere bada berezia, usain txarreko frutua ematen baitu emeak eta normalean harrak aldatu ohi dituzte.
Espezie zaharra
Guinkgoa geroz eta gehiago jartzen da herri barruko jardinetan, kea eta kontaminazioa ondo jasaten dituelako. Inistorraren ondoren ezagutzen den arbola espezierik zaharrentsuena da eta bere garaian galdutzat zeukaten mendebaldeko adituek, fosilizatutako hostoak beste aztarnarik ez baitzen, Txinan aurkitu zuten arte. Mundu guztira zabaldu da geroztik eta baita Hernanira ere. Guinkgoa sendagaia ere bada, bai fruitua eta baita hostoa ere, txinar eta japoniarrak aspalditik erabilia. Mendebaldeko medikuntzak ere aspalditik erabiltzen du eta besteak beste, memoria argitu eta zirkulazioa hobetzen duela esaten da.