Portun ostiraletik igandera izan dituzte San Joan Txikiak eta festa ondoreneko lehen balorazioan gustora azaldu dira antolatzaileak. ´Orokorrean iaz baino jende gehiago izan dugu, egunez asko eta gauetan ere ondo` esan digute. Ostiralean uste zutena baino jende gehiago izan zen Portun, eta larunbatean lepo bete zen auzoa Asto Karrera ikustera. Pailazoak ere gustora zeuden ´urtetik urtera jende gehiago inguratzen delako` eta gauean rebista ikuskizunak jende asko erakarri zuen ´iaz ikusi genuenak primeran pasa genuelako eta ikusi ez zutenak inbidiaz zeudelako`. Ondorenko berbenan ere jende asko geratu zen. Igandeko sagardo dastaketan 300 basotik gora banatu zituzten, antolatzaileek Kronikari esan diotenez, eta gainerako festa ere ondo joan da.
Eguraldi aldaketa
Aurreko asteko euriteek bestelakorik pentsa arazten bazuten ere, asteburu ona ekarri dute Portura eta jendea animatu egin du horrek antolatzaileen hitzetan: ´jendea etxetik ateratzeko gogoz zegoen eta eguraldiak hobera egin duenean Portura jende asko inguratu da`. Festa batzordeko kideen hitzetan, lan asko egitea egokitu zaie aurten ´baina eskerrak auzotarrek eta auzotik kanpora bizi diren auzotarrek egun hauetan asko laguntzen diguten`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!