HERNANIKO traineruak 4garren postua egin zuen atzo Colindresen izan zuen ligako azken estropadan. Estropada Busturialdeak irabazi zuen, liga bukaera honetan indartsu ibili den arraun taldeak. Bigarren Castrok egin zuen eta hirugarren Deustuk. Ligako azken estropadan lortutako emaitzek ez dute Hernanik ACR-2 mailako sailkapen orokorrean zuen postua aldatu, beraz liga laugarren postuan bukatu du, ACR-1era igotzeko aukerarik gabe. Xabier Zapiain entrenatzaileak estropadaren balorazio positiboa egin du, ´txukun aritu gara arraunean` azaldu du. Bestalde, estropada gogorra izan dela adierazi du: ´marea bajua zebilen eta ur gutxi, horrek asko gogortu du estropada`.
Ostegunean Kontxan
Hernaniko trainerua Kontxan izango da ostegunean, sailkapen estropadan. Xabier Zapiainek azaldu du Hernanikoa izango dela ACR-2 mailako traineru bakarra eta helburua izango da, ACR-1 mailako traineruren bat atzean uztea.
Arraun ikastaroak irailean
Irailaren 1etik aurrera arraun ikastaroak izango dira, debalde, Elorrabin. Adin guztietako neska mutilentzat ateak zabalik izango direla adierazi du arraun elkarteak. Ordutegia honakoa izango da: larunbatetan 16:00etatik aurrera eta igandetan 10:00etatik aurrera.
Bazkide bila
Arraun elkarteak bere jarduna finantziatzeko bazkide bila dabil. Zerrendak Oindi eta Aralar tabernetan daude.