Bukatu dira Portuko jaiak, eguzkiak lagunduta egun pasa ederra eginda

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 27a, 02:00

ATZO izan zuten azken eguna Portuko jaiek eguzkiak eta sargoriak lagunduta. Muturreko eguraldia egin du aurtengo jaietan, euri zaparrada indartsuekin hasi eta eguzki eta bero sargoriarekin bukatu. Hala ere, atzokoan, euririk gabe, arazorik gabe egin ahal izan ziren aurreikusita zeuden ekitaldiak: pelota partiduak, sagardo probaketa, herri bazkaria, herri kirolak eta Ttarla dantza taldearen emanaldia. Eguerdiko bazkarian 40 lagun bildu ziren Portuko arkupeetan, eta entremesak, entsalada eta oilasko erreaz osatutako menu goxo askoa izan zuten, bazkaritarako.

Frontoiaren inaugurazioa
Atzo inauguratu zen Portun egin berri duten frontoia. Bi partidu ziren jokatzekoak, baina azkenean bakarra jokatu zen, Paul Ojuel auzotarra eta Unai Alvarez trinketeko munduko azpitxapeldunaren artekoa. Aurrenekoak irabazi zuen, 25 eta 19. Gauean, Egan berbena talde mitikoaren dantzaldiarekin eta suzko zezena eta azken trakarekin bukatu ziren jaiak.

Larunbat gau jendetsua
Larunbat gaua jendetsua izan zen izan Portun, batez ere, rebista ikuskizunak erakarrita. Txosnan ere garagardoa bukatu egin zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!