Atzo latz bota zuen, eta horrelakoetan gertatu ohi denez, Landare eta Urumeak bat egin zuten. Uholde aldi bakoitzean ikusi litekeen irudia da, Landare urak estalia eta ahateak bertan igeri, errugbi zelaiko markagailu eta porteriatan barrena. Urteetan egin izan diren kanalizazio eta abarrek ez diote erremediorik jarri arazoari eta Astigarraga inguruan egindako poligonoek arazoa areagotu egin dutela ere esaten du zenbaitek. Kontua da hainbeste urtean behin errepikatzen den arazoa dela uholdeena, nahi baino euri gehiago egiten duenero errioa aterako dela ia segurua da. Orain hurrengo gertatu ziren uholde haundietan, Eusko Jaurlaritzak hartu zuen gaia aztertu eta erremedioa jartzeko konpromisoa, baina arazoa erabat konponduko duen neurririk ez du aurkitu.
Zubipe ere bai
Gainerakoan, Udaltzaingoak adierazi du ez dela euriaren ondorioz inolako istripurik gertatu, hala ere, euria baretu arte adi egon beharra dagoela aipatu dute. Atzo egun guztian zehar egin zuen euria eta uraren mailak gora egin zuen. Udaltzaingoak adierazitakoaren arabera, 20:00ak aldera Zubipe ere urak hartzen hasia zen eta Fagollagan erreka muga-mugan zegoen.