Urrutia gazteak txapelerako aukerak badituela erakutsi nahiko dio gaur Ezkurra haundiari

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 23a, 02:00

Partidu dotorea ikusteko aukera izango da gaur Galarretan, Urrutia eta Ezkurraren artean. Miel Mari Urrutiak gaur jokatuko du final aurreko ligaskako lehen partidua eta faborito garbia den Ezkurrari erakutsi nahiko dio berak ere badituela aukerak aurtengo txapelketan. Ezkurrak, berriz, hanka bat finalean duela jokatuko du gaur, Zeberioren aurka irabazita 29 tanto egitea nahikoa izan litzazke gaur finala ziurtatzeko.

Sakearen garrantzia
Erremontean modalidade gogorra eta zaila da buruz burukoa. Pelota modu guztietan sakeak garrantzia badu ere, erremontean izango du haundiena, eta buruz buru are eta haundiagoa. Hor izan lezake Urrutiak bere aukera, atzelaria izanda, abantaila baitu Ezkurrarekiko. Urrutia sakatzailerik onenetakoa da eta min haundia egin lezake. Sakean asmatzen ez badu, ordea, errestatzailerik onena izango du aurrean Saldiasko gazteak. Bestalde, Ezkurrak berak ere erakutsi du, aurrelaria izan arren, berak ere badakiela ondo sakatzen, eta errestoan Urrutiak arazo haundiagoak izan litzake. Ez da bi nafarrek buruz buru elkarren kontra jokatuko duten lehen aldia gaurkoa. Iaz esaterako, Insalus masterreko finala jokatu zuten biek, eta Ezkurrak irabazi zuen.

Zeberio zain
Gaurko partiduari zorrotz begiratuko dioena Patxi Zeberio izango da, finalaurreko ligaska jokatzen ari den hirugarren pelotaria. Lehengo larunbatean Ezkurraren aurka 35-28 galdu ondoren, irabazi beharra dauka datorren larunbatean Urrutiaren aurkako partidua, finalera pasa nahi badu. Gaur Urrutiak galduko balu, bien artean jokatuko lukete finalerako txartela. Baina, gaur Saldiaskoak Ezkurrari ezustekoa emango balio, Zeberiok irabaztea ez luke nahikoa izango, tanteoak ere izango luke eragina. Berez, buruz buru bederatzi txapel dituen Ezkurra eta iazko txapelduna den Zeberio dira finalera pasatzeko faborito garbiak. Baina Urrutiak sorpresak ematen badaki lehen ere, eta partidua asko gogortzea lortzen ez badute, aukera bat baino gehiago ditu aurten ere finalean izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!