Udal Gobernu taldeak Joxan Erasun arkitektoa kontratatu du aldi baterako, ´hirigintzan atzeratuta zeuden espedienteak eta datozenak aztertu eta erantzuteko`. Marian Beitialarrangoitia Alkateak Kronikari azaldu dionez, Udalean sartu berritan konturatu dira Hirigintza departamenduan espediente ugari atzeratuta daudela, erantzun gabe. ´Imanol Jimenez arkitektoari txosten bat eskatu genion sartu orduko, Hirigintza Departamendua nola zegoen ikusteko. Txosten horren arabera Hirigintzan ia 200 espediente daude erantzun gabe, eta horietan 2003-2004ko zenbait espediente badaude eta gehienak 2006 aurrekoak dira`.
Uztailetik lanean
Hirigintza eguneratzen lan haundia dago Alkatearen hitzetan eta lan hori aurreratzeko kontratatu dute arkitektoa. ´Presazko lana denez, uztailean bertan lanean hasteko, bi arkitektori egin genizkien proba batzuk eta Joxan Erasun hartu dugu. Uztailaren 9an hasi zen eta etenik gabe ari da lanean`, argitu du Beitialarrangoitiak. Oso espediente zaharrak direnetan, karta pertsonalizatu bat bidaltzen die arkitektoak, ea oraindik eskaerak indarrean jarraitzen ote duen edo eskaera zer egoeratan dagoen ikusteko. Gainerakoak aztertu eta erantzun egiten ditu. Alkateak espedienteren bat egina duten herritarrei adierazi nahi izan die laster jaso lezaketela kartaren bat eta Joxan Erasun bera bisitak egiten ere hasia dela.
Aldi baterako kontratua
Gobernu Taldeak azpimarratu du arkitektoa aldi baterako kontratatua izan dela, baina ikusi beharko dela ea Hirigintza departamenduan aurrerako ere arkitekto bat behar ote den ´dirudienez departamendu barruan aspaldiko eskaera bat badelako`. Behar dela ikusiko balitz, plaza ateratzeko prest agertu da Gobernu Taldea ´baina prozedimendu guztia hasteko (deialdia egin, azterketak...) lehenengo ikusi nahi dugu ea etxe honen beharrek aurrera begira arkitekto bat izatea eskatzen ote duten`.
Imanol Jimenez
Gobernu Taldeak Kronikari jakin arazi dionez, Imanol Jimenez izango da legealdiko arkitekto nagusia. Jimenez ez da berria Hernaniko Udalean, ezker abertzalea alkatetzan izan den zenbait legealditan bera izan baita arkitektoa. Bera planeamenduari dagozkion gaietan ariko da bereziki, eta planeamenduari dagozkion espedienteak ere berak aztertuko ditu.
Proiektuak lehentasunen arabera
Marian Beitialarrangoitiaren esanetan aurreko legealditik proiektu asko daude onartuak, baina hasi gabeak, eta horietan lehentasunak markatu behar dituzte, orden bat jarraitzeko. Garrantzitsuenetakoak iritzi diotenei heldu die dagoeneko, Kronikari azpimarratu dionez ´Sagastiyako proiektuari adibidez, lehenbailehen hastea nahi baitugu`.
Arau subsidiarioak boletinean
Arau subsidiarioen proiektua ekainean onartu zuen Diputazioak, eta herenegun publikatu zuten Gipuzkoako aldizkari ofizialean, 506 orrialdeko proiektua. Proiektuak zenbait baldintza betetzea eskatzen du hala ere, fitxa askotan. Diputazioak bere garaian azaldutakoaren arabera, Lurzoruaren Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren 30eko legea bete behar dute arauek. Legea betetzen ez duten arauak bertan behera geldituko direla ere azpimarratu zuen Koldo Azkoitiak, orduan Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Diputatuak eta horiek guztiak zerrendatzen dira boletinean publikatutako arau subsidiarioetan. Horrez gain, Urumea ertzean egitekoak diren zenbait proiektu Azterketa Hidraulikoak dioenaren baldintzapean gelditzen dira, ´uholdeak izateko arriskua` ikusiz gero bertan behera utzi edo aldatu egin beharko bailirateke.