NICANOR Zabaleta harpajolearen omenezko Musika Hamabostaldiko zikloak hirugarren zita izango du igandean Chillida Lekun, Aztiak ganbara taldearen eskutik. Aurten betetzen dira 100 urte Nicanor Zabaleta jaio zela eta haren omenez, harparen historian barrena ibilbidea egiten ari dira museoan. Emanaldia, igandean arratsaldeko 19:00etan izango da, museoako Zabalaga baserrian.
Musikeneko ikasleek osatutako taldea
Aztiak ganbara taldea duela gutxi osatutako taldea da eta taldeko kideak Musikenen ikasitako musikari gazteak dira. Gabriel Loidi, haien irakaslea, da zuzendaria. Igandeko emanaldian Claude Debussy, Jacques Ibert, eta Maurice Ravelen obrak joko dituzte, Lamiaren heriotza izeneko piezarekin batean. Kontzertua Vicent Buffin izeneko harpajolearen emanaldiarekin bukatuko da. Buffinek Gabriel Loidik emanaldi honetarako propio sortutako pieza bat joko du: Epilogo. In memorian Nicanor Zabaleta. Pieza hori Chillida Lekuko emanaldian estreinatuko da.
Joan den igandeko kontzertu arrakastatsua
Joan den igandean Elisabeth Colard harpajolea, Roberto Casado flautista eta Errenteriako Andra Mari abesbatza izan ziren Musika Hamabostaldiko kontzertu hauen barruan. Zabalaga baserria jendez gainezka zegoen eta sarrerak salmentan jarri eta gutxira bukatu ziren. Zikloa irailaren 2an bukatuko da, Andrew Lawrece-King harpajolearen emanaldiarekin.