Bigarren eskuko produktuak eskura ‘Nahas Mahas’ azokan, larunbatean Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 22a, 02:00

LARUNBATEAN Nahas Mahas, bigarren eskuko produktuen azoka izango da Atsegindegi plazan, apirilaz gero hileko azken larunbatetan izan den bezala. Bertan herritar, elkarte eta ikastetxeek behar ez dituzten produktuak zaborretara bota beharrean salgai jartzen dituzte, eta gerturatzen direnek txolloren bat edo beste eskuratzeko aukera izango dute. Goizeko 11:00etatik 14:00etara izango da, Atsegindegi plazan. Azoka Udalak eta Emaus fundazioak egin zuten hitzarmen baten ondorio da eta urtea bukatu arte, hilero, izango da.

Gero eta gehiago
Uztailean egin zen azokan 32 postu jarri ziren Atsegindegin eta herritarrak ere asko izan ziren bertara gerturatu zirenak. Emauseko kideek adierazitakoaren arabera, gero eta postu gehiago ari da jartzen eta jendea ere dezente ari da gerturatzen, batez ere eguraldi oso ona egiten ez duenetan. Emausek antolatutako bigarren eskuko azoka hau, momentuz, Hernanin bakarrik egiten da, baina asmoa da azoka Donostialde mailakoa izatea.

Postua jartzeko
Azokan postua jarri nahi duten herritarrek 943 367534 telefonora deitu dezakete, edo mezu bat bidali azoka @emaus.com helbidera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!