BUKATU dira aurtengo Ergobiko jaiak. Auzo txikia izan arren, lau egunetako egitarau betea izan dute: herri kirol, sagardo probaketa, musika eta haurrentzako ekitaldiz osatua.
Izeta aurtengo txapelduna
Ergobiko jaietan jakin-min gehien pizten duen ekitaldietako bat izaten da idi demena. Atzo izan zen bigarren saioa eta Aiako Izetaren idi pareak izan zen jaun eta jabe, 1.705 kiloko harriarekin, 82 plaza, zinta bat eta bi metro eginda. Atzo aritu zen bigarren idi pareak, Errenteriako Illarretarenak, lortu zuen bigarren postua, 71 plaza eginda. Astelehenean aritu ziren beste bi idi pareek 3 eta 4garren postuetan geratu ziren. Hirugarren, Lasarteko Telleria (67 plaza, 3 zinta eta 20 cm.) eta laugarren Errenteriako Matxain ( 46 plaza, 5 zinta eta 260 metro). Esan liteke, euria jaietarako kaltegarri izan arren lana erraztu ziela idiei, atzokoan.
Bazkaria eta auzokoen emanaldia
Idi demaren ondoren, festetarako jarritako karpa azpian, bazkaldu zuten 120 bat lagunek. Aurten menu berezia izan dute gainera, zezen gisatua. Arratsaldea Patxin eta Pastin pailazoek eta Incansables txarangak girotu zuten auzoa. Gauerdian, urtero bezala, auzotarrak bildu ziren, haur eta zahar, umorez beteriko antzerkia egitera. Aurtengoan garai ezberdinetako musika taldeen inguruko parodia egin dute. Festari amaiera goizaldean eman zioten Ergobiko pobre de mi abestuta.